Gizartea -

Gipuzkoa

Bi etxegabe jipoitu dituzte Irunen, prostituitzera behartzen saiatu ostean

Kalean lotan zeudela, bi gizonezko hurbildu zitzaizkien eta emakumeari sexu-harremanak izatea eskaini zioten. Honek ezetz esan zuenean, bi etxegabeak jipoitu egin zituzten.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu Irunen bi etxegaberi eraso egiteagatik. Kalean lotan zeudela hurbildu zitzaizkien eta emakumeari ordaindutako sexu-harremanak izatea proposatu zioten, ezetz esan zuen eta biak jipoitu zituzten, EFE agentziak ikerketaren iturriak aipatuta zabaldu duenez.

Gizonak hainbat kolpe ditu gorputz guztian eta zauriak buruan. Halaber, besoa hautsita izan dezakeela erantsi dute. Ospitalera eraman zuten eta han jarraitzen du. Emakumeak, berriz, zauri arinak ditu atzamar batean.

Gertakariak bart jazo dira. Kalean lo zeudela, bikotearengana hurbildu ziren bi erasotzaileak, diruaren truke neskarekin sexu-harremanak izan nahi zituztela esanez. Bi etxegabeek ezetz erantzun zuten eta bakean uzteko eskatu zieten.

Une horretan, makilekin jo zuten gizonezko etxegabea eta ondoren ihesean joan ziren.

Biktimak Irungo osasun zentroan artatu zituzten eta erasotzaileei buruzko informazio eman zuten. Horietako bat inguru hartan atxilotu zuten eta bestea bere etxebizitzan, Irunen bertan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak