Gizartea -

Koronabirusa

257ra eta 27ra jaitsi dira kasu eta ospitaleratze berriak EAEn, eta % 4,4koa da tasa

Martxoaren 14tik atzeman den kopururik txikiena da. Lurraldeka, 149 positibo diagnostikatu dituzte Bizkaian, 78 Gipuzkoan eta 27 Araban.

Basurtoko Ospitalean PCRa egiteko zain. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia.
Basurtoko Ospitalean PCRa egiteko zain. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia.
Basurtoko Ospitalean PCRa egiteko zain. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia.

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 257 kasu berri atzeman ditu larunbat honetan, hau da, aurreko egunean baino 113 gutxiago. Gainera, ospitaleratze berriak 27ra jaitsi dira, aurreko egunean baino 16 gutxiago, baina 125 gaixok jarraitzen dute ZIUn, bezperan bezala. Martxoaren 14tik atzeman den kopururik txikiena da.

Osasun Sailak igande honetan emandako datuen arabera, larunbat honetan 5.867 proba diagnostiko egin zituzten (aurreko egunean 8.372 izan ziren) eta egindako proben positibotasun-tasa % 4,4 izan zen.

Lurraldeka, 149 kasu positibo atzeman dira Bizkaian, 78 Gipuzkoan eta 27 Araban. Gainera, hiru positibo atzeman ziren Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean (bezperan 12).

EAEko ospitaleetan 27 gaixo ospitaleratu dituzte larunbat honetan, aurreko egunean baino 16 gutxiago, eta 125 lagunek jarraitzen dute ZIUn, ostiraleko kopuru berak.

14 egunetan metatutako intzidentzia tasa (100.000 biztanleko) eta R0 indizearen inguruko informazioa ez dute astelehenera arte eguneratuko.

44 kasu berri atzeman dituzte Nafarroan, martxoaren 14tik izan den kopururik txikiena

Koronabirusaren pandemiak beheranzko joerarekin jarraitzen du Nafarroan, larunbat honetan 44 kasu positibo berri atzeman ostean (bezperan baino 13 gutxiago). Martxoaren 14tik diagnostikatu den covid-19 kopururik txikiena da, EAEn bezala.

Mutiloa da atzo positibo berri gehien agertu ziren herria (bost) eta ondoren, Iruñeko Mendillorri auzoa (hiru).

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak