Gizartea -

KORONABIRUSA

Nafarroak 23:00ak arte luzatuko du ostalaritza barruko ordutegia

Ostiraletik aurrera ostalaritzako ordutegia ordubete luzatuko du Nafarroako Gobernuak. Neurri horrek lagunarteei, aisialdi elkarteei, bingoei eta joko aretoei ere eragiten die.

Ostalaritza Nafarroan. Argazkia: EFE.
Ostalaritza Nafarroan
Ostalaritza Nafarroan. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ostiral honetatik aurrera ostalaritzako ordutegia luzatuko duela iragarri du, eta 23:00ak arte lan egin ahal izango dute, lagunarteak, aisialdi elkarteak, bingoak eta joko aretoak bezala.

Nafarroako Gobernua, gainera, kultur arloko edukiera handitzeko lanean ari da, baina datu zehatzak gaur arratsaldean jorratuko dituzte sektorearekin.

Santos Indurainek prentsaurrekoan adierazi duenez, datu epidemiologikoek bilakaera positiboa duten heinean malgutzea da helburua, eta txertaketa kanpaina erritmo onean aurrera doala esan du.

Izan ere, gaur bederatzi egun bete dira Nafarroan covid-19aren ondorioz hildakorik izan gabe, azken orduetako kutsatzeak 50era jaitsi dira, % 2,3ko positibotasun tasarekin, eta ospitaleratutako pertsonak 56ra jaitsi dira, horietatik 12 ZIUetan.

Datu horiek ikusita, Gobernuak ekainaren 4ra arte ezarritako prebentzio neurrien "tarteko berrikuspena" egitea erabaki du.

Horren harira, Nafarroak bere "ibilbide orria" jarraitzen duela azpimarratu du, adierazle sanitario eta epidemiologikoekin, eta, horregatik, beste sektore batzuekin ere lanean ari direla, besteak beste, kirolarekin, neurriak malgutzeko.

Txertaketa

Kontseilariak, gainera, AstraZenecaren lehen dosi bat jaso duten 60 urtetik beherako pertsonek datozen hiru asteetan jasoko duten bigarren dosia aipatu du, eta Phizer eskaini diete, marka berarekin jarraitzeko baimen informatua sinatu ezean.

Bihar, 21.000tik gora lagunek osatutako talde horretako 8.000 bat laguni bidaliko dizkiete mezuak.

Udarako, lehen mailako arretan, non txertaketaren oinarria baitago, kontratuak egin dira txertaketarekin jarraitzeko eta are erritmoa handitzeko, eta ez da aurreikusten osasun-zentroak ixtea, nahiz eta profesionalen atsedenaldirako jarduera berrantolatuko den, adierazi duenez.

Santos Indurainen esanetan, datorren astetik aurrera ia bikoiztu egingo da Phizerren txertoen kopurua, eta covid-19aren aldaeren harira, berriz, brasildarra, hegoafrikarra eta nigeriarra atzeman dituztela azaldu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Lodosa Tafalla Etxarri Aranatz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Lizarra Altsasu Corella Azkoien Erizaintza Sendagaiak Txertoak Barañain Cintruénigo Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea