Gizartea -
Larrialdi klimatikoa
Mineral asko erauzi beharko da Parisko Hitzarmena betetzeko
Energiaren Nazioarteko Agentziak (IAE) txosten bat argitaratu du ingurumen-arazo eta arazo ekonomiko bat ere izan daitekeela ohartarazteko.
Elhuyar | EITB Media
Adituek argi dute. Energia berriztagarriak aprobetxatzeko teknologiak egiteak lehentasuna dauka. Energia berriztagarririk gabe, ezinezkoa izango litzateke Parisen klima-aldaketaren aurkako hitzarmeneko eskakizunak betetzea, hitzarmen horren helburua karbono-emisioak erabat murriztea baita. Teknologiaren ikuspegitik, ordea, horrek badu ordaina: energia berriztagarriak ustiatzeko behar den teknologiak gaur egun erauzten diren metalak baino askoz gehiago beharko ditu.
"Askotan esaten dugu energia berriztagarriak garbiak direla, eta badirudi inguruko guztia ere erabat garbia dela: ez dago emisiorik, ez dago inpakturik", esan du Aitor Urrestik, EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko Ataleko Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Graduko ingeniari eta irakasleak. "Energia berriztagarriak ekoizteko behar ditugun elementuak fabrikatzeko prozesuan, inpaktu batzuk sortzen dira, mineralak erauzi, garbitu eta, gero, elementua bera fabrikatzeko prozesuan".
Paradoxa da. Teknologiak fabrikatzeak eragin handia izango du, metal asko behar baitira. Nazioarteko Energia Agentziak orain gutxi argitaratu duen txosten batean, arazoaz ohartarazi dute. Adibidez, 2040rako, mineralen eskaera laukoiztu egingo dela kalkulatu dute. Auto elektriko batek, esate baterako, ohiko auto batek baino sei aldiz mineral gehiago behar du, eta itsasoko aerosorgailu eolikoen instalazio batek gas naturaleko instalazio batek baino bederatzi aldiz mineral gehiago. Bateriak egiteko, litio eta antzeko beste metal batzuen eskaera ere handia izango da. Kobre, nikel, kobalto eta aluminio asko beharko da, eta "lur arraroak" multzoko elementuen eskaera handia egongo da; praseodimioa eta neodimioa, adibidez.
Auto elektrikoen bateriak fabrikatzeko, litioa eta beste metal batzuk behar dira. Argazkia: Elhuyar
"Lur arraroen zati handi bat sistema eolikoen imanak egiteko erabiltzen ari dira, batez ere itsasokoetarako imanak egiteko, ‘offshore’ sistemetakoak", esan du Mirari Antxustegik, EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasleak. "Eta erregai-piletarako ere platinoaren taldeko metalen eskaria dago; platino, paladio eta nikelarena, gehienbat. Horien eraginkortasuna mugatu gabe horiek ordezkatzeko aurkitzen ari diren metalak lur arraroak dira, oraingoz".
Mineral asko behar da, eta, gainera, kontuan izan behar da mineral horretatik metala erauzi egin behar dela. "Oro har, usteetako bat izaten da minerala eta mineraletik lortzen den materia gauza bera direla, eta horrek ez du zertan horrela izan, inola ere ez", esan du Antxustegik. "Bereizte- eta fintze-prozesu bat ere beharko da, eta prozesu horrek, era berean, zenbait hondakin sortuko ditu, nolabait kudeatu beharko direnak, eta ingurumen-inpaktu handia izango dutenak".
Ingurumen-arazo bat baino gehiago
Mineralen beharrak, gainera, arazo ekonomikoa eragin dezake, eskaerak zenbait arazo geopolitiko sortuko baititu. Herrialde ekoizleek petrolioa eta gasa kontrolatzen dituzten bezala, mineralak ere meategien kokapenaren arabera kontrolatuko dituzte.
Bestalde, txostenak ohartarazi duenez, meatzaritzari lotutako arazo gehiago konpondu behar dira: kobalto-meategietan lan egiten duten haurren arazoa, emakumeek sektorean duten egoera eta Txileko basamortuetako kobre-erauzketen baldintzak, batzuk aipatzearren.
Parisko hitzarmena betetzea erronka handia izan daiteke mineralak erauzteari dagokionez. Hala ere, adituek uste dute erronka horri aurre egin beharko zaiola. "Dena den, merezi du trantsizio hau egitea", Urrestiren arabera. "[Berriztagarriek] beren bizitza baliagarri osoan eragingo duten inpaktua gaur egungo energia sistemak duena baino txikiagoa da oraindik ere", dio Aitor Urrestik.
Eta gogoera bat egin du: "Honek indartu egiten du energia eta produktu gutxiago kontsumitu behar ditugula dioen ideia. Elementu gutxiago sortu behar ditugu nolabait, eta, horrela, material urri horiek erauzi beharra ez da hain garrantzitsua izango".
Aerosorgailu eoliko baten imanak egiteko, lur arraroak behar dira. Argazkia: Minnesota Iron