Gizartea -
Inklusioa
SOS Arrazakeriak eta CEAR Euskadik errefuxiatuei laguntzeko programa abiatu dute
Mentoretza Sozialeko programaren bigarren edizioak errefuxiatuen eta asilo-eskatzaileen “ongizate psikosoziala” bermatzea du helburu.
EITB MEDIA
Gipuzkoako SOS Arrazakeriak eta CEAR Euskadik Mentoretza Sozialeko programaren bigarren edizioa jarri dute martxan. Programa hau zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei inklusio prozesuarekin laguntzeko ekimena da. Zortzi urtetik hona, jatorri migrantea duten eta nerabezarora heldu ez diren gazteei laguntzen die. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak bultzatutako Urretxindorra proiektuaren parte da, eta horren helburua da "errefuxiatuei ongizate psikosoziala ematea, astero boluntarioekin dituzten harremanen bidez".
Dena den, bigarren edizioaren hasiera atzeratu egin behar izan dute pandemia egoeraren ondorioz. Elkarte biek adierazi dutenez, "beharrezko bermeak zainduta eman behar dute zerbitzua". Hilabete honetan, boluntarioz eta errefuxiatuz osatutako bikoteen arteko lehenengo harremanak izan dituzte. Guztira zortzi bikote dira: lau gizon eta hamabi emakume. 2020an izandako lehenengo edizioan, gizabanako, talde edo senitartekoek osatutako zazpi tandem izan ziren.
CEAR Euskadiren parte hartzearekin, Mentoretza Sozialak asilo-eskatzaileak hartu ahal izan ditu. Kolektibo honekin lan egiten duen bigarren ekimena da Estatu mailan. Lehenengoa Katalunian izan zen, Generalitatearen eta Mentoretza Sozialaren Koordinatzailearen eskutik. Aurten, Donostiako eta Errenteriako biztanleekin egingo da, eta entitate desberdinek hartuko dute parte. Pertsona horien lankidetza eredugarria da, gizartearen harrera eta enpatia islatzen dituelako.