Gizartea -
Suteak
Bi kotxe erre dira Irunen, dirudienez nahita piztutako suteengatik
Suteak goizeko 06.30ean piztu dira eta inguruko bizilagun batzuk euren etxeetatik atera behar izan dituzte.
Erredakzioa
Bi ibilgailu erre dituzte goizean Irunen (Gipuzkoa), 06:30 aldera nahita piztutako bi suteren ondorioz antza; izan ere, ia aldi berean piztu dira bata bestetik oso hurbil.
Herrizaingo Sailak esan duenez, lehen sutea 06:30ean piztu da, Aduana kalean, eta bertan zegoen Renault 19 bat erabat kiskali du.
Suhiltzaileek bertaratu behar izan dute eta ke handia sortu da. Hori dela eta, Udaltzaingoak bizilagun batzuk euren etxeetatik atera behar izan ditu.
Bigarren sutea ondoko kale batean gertatu da, ordu laurden beranduago, zehazki, Juan Arana kalean eta Opel Astra ibilgailu bat kiskali da.
Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, baina badirudi bi kotxeak kiskali dituzten suteak nahita piztu dituztela.