Gizartea -
Trafiko istripua
Kartzelara bidali dute Iruñean auto istripu batean gizon bat erail zuen gidaria
Atxilotua 100 km/h-ko abiaduran zihoan eta semaforoa gorriz igaro zuen, 32 urteko gizon bat harrapatuz.
EITB Media | Agentziak
Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak fidantzarik gabeko kartzela zigorra ezarri dio, ostiralean (maiatzak 28), Iruñeko Donibane auzoan 32 urteko gizona autoarekin harrapatu zuen gidariari.
26 urteko gizona da atxilotua, eta, epaiaren arabera, 100 km/h-tik gorako abiaduran zihoan, semaforo bat gorriz igaro eta zebrabidean zegoen gizona harrapatu zuenean.
Epaileak homizidio delitua, alkoholaren eta drogen efektupean gidatzea, ausarkeriaz gidatzea eta istripuaren lekutik ihes egitea egotzi dio.
Autoan irakur daitekeenaren arabera, atxilotua alkoholaren, kokainaren eta estasiaren efektupean ari zen gidatzen, abiadura handian, Barañain etorbidetik. Bertan, Udaltzainen patruila bat segika hasi zitzaion.
Kriminalitate zantzuei dagokienez, epaileak atestatuan bildutako datuetan oinarritu du bere erabakia. Ezbeharra gertatu zen unean zeuden lekukoen eta agenteen testigantzez, kamaren grabaketez eta Poliziak egindako abiaduraren kalkuluaz baliatu da, hain zuzen ere.