Gizartea -

KORONABIRUSA

57ra jaitsi dira covid-19 kasu berriak Nafarroan, baina positibotasuna % 4,7ra igo da

Atzo ez zen covid-19arekin lotutako ospitaleratzerik izan, baina 74 eta 92 urteko bi emakume hil ziren arrazoi horrengatik.

Nafarroako Ospitalea. Argazkia: EFE.
Nafarroako Ospitalea.
Nafarroako Ospitalea. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzoko igoera txikiaren ondotik (81 kasu), berriro aste hasierako datuetara jaitsi da covid-19 kasu berrien kopurua Nafarroan: 57 kutsatze zenbatu ziren atzo, larunbata, duela astebeteko datuekin alderatuta, 13 kasu gehiago.

Foru Gobernuak emandako behin behineko datuen arabera, koronabirusa atzemateko 1.211 PCR proba eta test antigeno egin ziren atzo, eta positibotasun tasa % 4,7an kokatu zen, bezperan baino ia puntu bat gehiago.

Maiatza hasieratik beheranzko joera nabarmena bada ere, azken aste hau gorabeheratsua izan da, eta, datuei erreparatuta, jaitsiera moteldu egin dela esan daiteke: astelehenean 53 zenbatu ziren (% 2,7), asteartean 50 (% 2,3), asteazkenean 93 (% 4,4), ostegunean 77 , ostiralean 79 (% 3,8) eta atzo 57 (% 3,9).

Erregistratutako kasu berrien adin-tarteei dagokionez, talde nagusia 15 urtetik beherakoena izan zen ( % 30) eta 30-44 urte bitartekoena ( % 25) ondoren. Gero, 15-29 urte artekoak ( % 23) eta 45-59 urtekoak ( % 13) zeuden eta, azkenik, 60-75 urte bitartekoak ( % 9). 75 urtetik gorakoen artean ez zen kasurik izan.

Gainera, bi heriotza izan ziren, 74 urteko emakume batena eta 92 urteko beste batena. Nafarroan, guztira, 1.185 heriotza baieztatu dira pandemia hasi zenetik.

Atzo ez zen ospitaleraturik izan covid-19agatik Nafarroan. Gaur egun, 47 gaixo daude ospitaleratuta koronabirusagatik, horietatik 11 ZIUn.

Txertaketari dagokionez, berriz, atzo 4.421 dosi jarri ziren Foru Erkidegoan. Hala, orotara 393.081 txerto jarri dira Nafarroan, eta 141.149 pertsonak, jada, osatu dute txertaketa prozesua.

Datorren astean hasiko dira AstraZenecarekin txertatu zituzten 60 urtetik beherako oinarrizko langileei bigarren dosia jartzen. Berez Pfizer jasoko dute, eta AstraZeneca aukeratzen dutenek baimen informatua sinatu beharko dute.

Positibitatea % 5etik gora dagoen arren EAEn, ZIUak apirileko mailara jaitsi dira

Pandemiaren bilakaera ez da oraindik lasaitzen hasi EAEn. Larunbat honetan 306 positibo berri atzeman dituzte, bezperan baino 84 gutxiago. Hori bai, aurreko igandeko datuarekin alderatuz gero, 50 kasu gehiago atzeman dira oraingo honetan.

Atzo 6.008 proba diagnostiko egin zituzten eta 306k izan zuten emaitza positiboa ( % 5,1), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan zabaldutako datuen arabera. Positibotasun tasa % 5,1ekoa izan zen aurreko egunean, beraz, berdin eusten dio transmisioak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Lodosa Tafalla Etxarri Aranatz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Lizarra Altsasu Corella Azkoien Erizaintza Sendagaiak Txertoak Barañain Cintruénigo Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea