Gizartea -
Istripua
Txirrindulari bat hil eta ihes egin du auto baten gidariak, Otsondoko portuan
Ezbeharra 16:13an jazo da, N-121-B errepideko 68. kilometroan. Dagoeneko gidaria atxilotu dute. Antza denez, inguruko bizilagun bat da.
EITB Media | Agentziak
Txirrindulari bat ibilgailu batek harrapatuta hil da gaur Otsondoko portuan, Arizkun eta Urdax bitartean (Baztan). Foruzaingoak jakitera eman duenez, istripuan inplikatutako ibilgailuaren gidariak ihes egin du. Dagoeneko gidaria atxilotu dute, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez. Atxilotua inguruko bizilagun bat da.
Ezbeharra 16:13ean jazo da, N-121-B errepideko 68. kilometroan. Iruñeko eta Elizondoko Foruzaingoak bertaratu dira istripua gertatu den tokira, baita gertatutakoa ikertzen ari den atestatuen lantaldea.
Atxiloketa baino lehen, Foruzaingoak laguntza eskatu du bere Twitter kontuan, gidaria identifikatzeko. Audi edo antzeko markako auto ilun baten atzetik zebiltzan, aurreko kristala apurtuta duena eta albo batean kolpe bat duena.