Gizartea -
Kantabriako Osasun arduraduna
EAEk hartzen duen laguntza baino gehiago ematen duela ukatu dute
"Ez diogu elkarri ezer zor. Kantabriak Euskadiko hainbat pazienteri ematen die arreta, bereziki oinarrizko zerbitzuetan'', esan du Maria Jose Saenz de Buruaga Kantabriako Osasun kontseilariak.
Erredakzioa
EAEk hartzen duen baino laguntza mediko gehiago ematen duela ukatu du Maria Jose Saenz de Buruaga Kantabriako Gobernuko Osasun kontseilariak. Pazienteen joan-etorrien inguruko datu zehatzik ez dute oraindik, baina Saez de Buruagak uste du ez diotela elkarri ezer zor. ''Kantabriak Euskadiko hainbat pazienteri ematen die arreta, bereziki oinarrizko zerbitzuetan, eta Euskadik Kantabriako hainbat biztanleri ematen die zerbitzua, bereziki Castro Urdialesen bizi direnei'', azaldu du kontseilariak. Azalpen honekin erantzun die Saez de Buruagak Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak erkidegoen arteko osasun arretaren inguruan egindako adierazpenei. Aste honetan bertan pazienteen joan-etorrien inguruko datuak mahai gainean izatea espero du Kantabriako kontseilariak, eta ''horiek erakutsiko dute orekatik gertu gaudela'', esan du. Datuok aztertu eta orain arte bi erkidegoen artean zegoen akordio hitzarmena ''berriz osatzeko'' asmoa agertu du kontseilariak.