Gizartea -
Gertakaria
Baztanen autoarekin harrapatuta txirrindulari bat hil zuen gizona espetxeratu dute
Homizidio delitua, alkoholaren edo droga toxikoen eraginpean gidatzea, arduragabekeriaz gidatzea eta istripua gertatu zen lekutik alde egitea leporatzen dizkiote.
agentziak | eitb media
Iruñeko 4. Instrukzio Auzitegiko arduradunak behin-behineko espetxealdi komunikatua eta fidantzarik gabea agindu du igandean Baztango Otsondo mendatean autoarekin harrapatuta txirrindulari bat hil zuen gizonezkoarentzat.
Istripua 16:13an gertatu zen N-121-B errepideko 68. kilometroan. Auto-gidariak, alkoholaren eta anfetaminen eraginpean, aurrean eraman zuen Iparraldeko txirrindularia.
Gidariak ihes egin zuen istripua gertatu zen lekutik, eta Foruzaingoak herritarren laguntza eskatu zuen sare sozialetan.
Azkenean, agenteek aurkitu zuten ibilgailua, ezkutatuta, eta gidaria atxilotu zuten. Baztan inguruko 44 urteko gizonezkoa Iruñeko komisaldegi batera eraman zuten.
Homizidio delitua, alkoholaren edo droga toxikoen eraginpean gidatzea, arduragabekeriaz gidatzea eta istripua gertatu zen lekutik alde egitea leporatzen dizkiote.
Epaileak emandako ebazpenean azaltzen duenez, arrazoituta dago gizona espetxeratzea: "Gertakarien larritasunagatik, jokoan dauden ondasun pertsonalengatik, eta justiziari muzin egiteko aukera handiengatik, ezbeharretik ihes egiteaz gain, autoa ezkutatzen saiatu baitzen aurki ez zezaten".