Gizartea -

GIPUZKOA

A-15 autobidea erabat itxita egongo da asteburuan, Belabietako tuneleko obrengatik

48 ordu egingo ditu itxita: ostiraleko 22:00etatik igandeko 22:00etara.

Belabietako tunela.
Belabietako tunela
Belabietako tunela.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

A-15 autobidea erabat itxita egongo da asteburu honetan, Belabieta tuneleko obrak egin ahal izateko aurretiazko prestakuntza lanak direla eta.

Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, aipatutako tunelean estaldura sendotu eta instalazioak egokitzeko lanak egin behar dira, eta horiek modu seguruan egiteko, Iruñerako hodia itxiko da eta beste hoditik behin-behineko desbideratzea egingo da.

Bi noranzkoetan egingo den mozketa hori ekainaren 4ko 22:00etatik ekainaren 6ko 22:00etara egingo da. "Egin beharreko lanen artean, eusteko hesi bat jarri eta tuneleko elementu guztien kontrol sistema aztertuko da", horren arabera.

Andoaingo noranzkoan Berastegiko lotunetik aurrera egin da mozketa, eta, Iruñerako noranzkoan, berriz, Sorabillako (Andoain) lotunetik aurrera.

Era berean, ibilgailu astunek GI-2130 errepidetik (Tolosatik Lekunberrira doan errepidea) joatea debekatua izango dute. Hortaz, ibilgailu astunek N-I errepidea hartu beharko dute ordezko bide bezala.

A-15 autobidearen Andoaingo noranzkoan egingo den mozketak beste ibilbide batzuk erabili beharra eragingo die erabiltzaileei: Nafarroatik Gipuzkoarako ibilbide luzeetarako, N-I errepidea gomendatuko da Altsasuraino, Irurtzunen A-10 autobidea (Sakanako autobia) hartuta. Berastegi, Elduain edo Berrobi udalerrietara joateko, adibidez, Andoaingo noranzkoan itxita egongo denez, A-15 autobideko erabiltzaileek Berastegiko lotunean bira egin ahalko dute, eta GI-2130 errepidetik (Tolosa-Leitza) jarraitu helmugaraino.

Bestalde, Gipuzkoatik Nafarroara doazen gidariek, ibilbide luzeetarako, N-I errepidetik jarraitu beharko dute, Gasteizerantz, Altsasuraino, eta A-10etik (Sakanako autobia) jarraitu Irurtzuneraino. Lekunberrira edo Leitzara doazenek, berriz, GI-2135 errepidea (Tolosa-Lekunberri) Tolosan barrena erabili ahalko dute. Mendozak azpimarratu duenez, desbideratze guztiak behar bezala seinaleztatuta egongo dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Albisteak Urumeako autobia