Gizartea -
ERRESKATEA
"Aita Mari" Siziliatik abiatu da, Italian berrogeialdia bete beharrik gabe
Erreskate ontzia Castelloko Borrianako portura bidean da, Maltako uretan erreskatatutako 50 migratzaileak Augusta portuan lehorreratu ostean.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Aita Mari erreskate ontzia atzo irten zen Siziliatik, eta Castelloko Borrianako portura bidean da, maiatzaren 27an Maltako uretan erreskatatutako 50 migratzaileak Augustan lehorreratu ostean. Koronabirusa hautemateko proba egin behar izan dute, baina ez dute berrogeialdirik bete, orain arte egin behar zen bezala.
"Aita Mari etxera bueltan!! Lehorreratzearen ondoren, Covid testak eginak, legea betez, Italiar agintariek Burrianara despatxoa eman digute berrogeialdi beharrik gabe. Eskerrik asko hau posible egiten duzuen guztioi", idatzi du SMH Itsas Salbamendu Humanitarioak Twitter sare sozialean.
Itsasontziak maiatzaren 27an Maltako uretan erreskatatutako pertsonak ekainaren 1ean porturatu zituzten Augustan (Sizilia).
Sirakusako Gobernu Ordezkaritzak asteartean adierazi zuenez, migratzaile helduek eta lagundutako adingabeek berrogeialdia egin beharko dute Italiako kostatik gertu dagoen ontzi batean, eta bakarrik doazen adingabeak migratzaileak hartzeko zentro batera eraman dituzte.
Erreskatatutako gizonezkoen artean lau adingabe daude; 17 urteko hiru eta 16 urteko bat. Libiatik abiatu ziren gehiegizko karga zuen ontzi batean.