Gizartea -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Hilekorako produktuen doakotasuna bultzatzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari
"Pobrezia menstruala" deiturikoari buruzko testua aurrera atera da Eusko Legebiltzarrean, EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren, Elkarrekin Podemos-IUren eta PP+Csen aldeko botoari esker.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bultzatu ditzala hilekorako produktuak merkeagoak edo doakoak izatea defendatzen duten ekimen guztiak. Halaber, salgai horiei BEZ supermurriztua ezartzea edo produktu horiek doan izatea babestu dezala nahi du.
Elkarrekin Podemos-IUk "pobrezia menstruala" deiturikoari buruzko legez besteko proposamen bat eraman du gaurko osoko bilkurara.
Azkenean Eusko Legebiltzarrak onartu du testua EAJren, PSE-EEren, EH Bilduren, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs-en aldeko botoarekin. Voxeko legebiltzarkideak, ostera, aurka bozkatu du.
Horrez gain, tasa arrosak duen irismenari eta eraginari buruzko txostena egitea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, erakunde bakoitzaren eskumenak errespetatuz tasa hori ezabatzeko abian jar daitezkeen ekimenak zehazteko.
Bestalde, sei hilabeteko epean pobrezia menstrualaren inguruko azterketa egin dezala galdegin dio, Emakumenderekin eta gainerako eragile sozialekin elkarlanean, errealitatea zein den jakiteko eta emakumeengan duen eragina ezagutzeko.
Azkenik, diagnosi horretatik abiatuta, pobrezia mensturala desagerrarazteko neurriak hartzeko deia ere egin dio.