Gizartea -

EBAZPENA

11 urte eta erdiko zigorra, Gipuzkoan bikotekidearen ilobari abusuak egitea egotzita

Gurasoak banatzen ari zirela gertatu zen, aitak batzuetan ahizparen eta izebaren zaintzapean uzten baitzituen alabak, eta haien etxean igarotzen zituzten gauak, haien hiru lehengusuekin batera.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apirilean Gipuzkoako Auzitegian sei urteko neskato bati, bikotekidearen ilobari, sexu-abusuak egiteagatik epaitu zuten gizonari 11 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatu bezala.

Auziko iturriek jakitera eman dutenez, aipatutako espetxe-zigorraz gain, auzipetuak 18.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari. Gainera, ezin izango du 18 urtez berarengana hurbildu, ezta harekin harremanetan jarri ere, eta, espetxetik atera ondoren, zazpi urtez zaintzapeko askatasun-egoeran egon beharko du.

Iragan apirilaren 12an eta 13an Auzitegiko Lehen aretoan egindako epaiketan, zenbait lekukok azaldu zuten abusuak behin baino gehiagotan gertatu zirela 2015ean eta 2016an. Biktima eta haren adin txikiko arreba etxean gaua igarotzen ari zirela neskato nagusiari ukituak egiten zizkion zigortutako gizonak.

Nesken gurasoak banatzen ari zirela gertatu ziren abusuok; izan ere, asteburu batzuetan, aitari zegokion neskatoen zaintza, eta zenbaitetan, honen arrebaren zaintzapean uzten zituen, hau da, neskatoen izebarekin. Hiru lehengusuekin batera igarotzen zituzten gauak Gipuzkoako herri batean.

Epaiketa

Neskato txikienak ez zuen epaiketan deklaratu beharrik izan, eta, aldiz, ateak itxita aurretik grabatutako lekukotza proiektatu zen, instrukzio-fasean aurrez eratutako froga gisa.

Bestalde, neskatoen amak azaldu duenez, 2017ko apirilera arte ez zuen gertatutakoaren berri izan; orduan, bi ahizpen arteko eztabaida bat entzun zuen, non neskatoak adinekoari mehatxu egiten zion akusatua bere ohean sartzen zela esanez.

Amak adierazi zuenez, neskatoari gai horri buruzko azalpenak eskatzean, neskatoa "oso urduri" jarri zen eta ez zion ezer kontatu nahi izan; hala ere, ondoren esan zion erruztatua "gauez bere gelan sartzen zela, bere zatietan ukitzen zuela, musu ematen saiatzen zela" baina berak "ez zuen bere burua uzten" eta ahizpa txikia horren lekuko izan zela.

Gertatutakoaren berri izan ostean, amak gertatutakoa salatzea erabaki zuen, eta alabak laguntza psikologikoa behar izan zuen.

Neskatoen aitaren kontakizuna bat etorri zen amarenarekin; izan ere, ahizpa zaharrenak gertatutakoa kontatu zion bere bikotekideari, eta hark konbentzitu zuen berari kontatzeko.

Epaiketaren bigarren egunean, auzipetuak azken deklarazioa eskatu zuen eta bere abokatuaren galderei baino ez zien erantzun, baina ukatu egin zuen haurraz abusatu izana, eta, adierazi zuenez, "sekula ez zion ukiturik egin", neskekin bakarrik ez zelako geratu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak