Gizartea -
eguraldia
Aste beroa dator, 25 graduko maximoekin barnealdean eta zertxobait baxuago kostaldean
Aurreikuspenen arabera, aste beroa izango da honako hau, bereziki, Nafarroa hegoaldean, 30 graduak ia egunero gaindituko baitira han; brisak termometroak geldiaraziko ditu kostaldean.
eitb media
Uda-giroa izango da nagusi aste honetan Euskadin, 25 gradutik gorako tenperaturak izango baitira barnealdea, eta zertxobait baxuagoak kostaldean, nahiz eta 20 graduak gaindituko diren.
Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera, Guardian (Araba) dagoen neurketa-gunean 27 gradu zentigraduko maximoak espero dira astelehen honetan, 29 gradura igoko da asteartean, eta 26ra jaitsiko da asteazkenean eta 27ra ostegunean eta ostiralean.
Iragarpenen arabera, tankerako balioak izango dituzte Nafarroako iparraldean ere; hegoaldean, hala ere, beroak gogor joko du erdiko orduetan, eta ia egunero 30 graduko tenperatura gaindituko da han.
Kostaldean, itsas-brisak merkurioak geldiaraziko ditu; Zarauzko (Gipuzkoa) estazio meteorologikoak 21 gradu zentigradu neurtuko ditu astelehen honetan, bi gradu gehiago asteartean, eta 21 gradu asteazkenean, ostegunean eta ostiralean.