Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Gipuzkoa eremu horian sartu da, eta jada EAE osoa gune horian dago

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Intzidentzia-tasa metatuak eta R0 indizeak behera egiten jarraitzen dute. Ospitaleetako egoera ere zerbait hobetu da eta 201 positibo atzeman dituzte azken orduetan.

  • PCR probak Gipuzkoan

    PCR probak Gipuzkoan. Argazkia: EITB Media.

Gipuzkoa gune gorritik eremu horira igaro da, eta Arabako eta Bizkaiko lurraldeekin bat egin du. Azken orduetan, intzidentzia-tasa metatuak eta R0 indizeak behera egin dute, eta ospitaleetako egoerak ere hobera egin du.

Covid-19aren pandemiak 201 positibo berri utzi ditu azken orduetan, igandean baino 20 gehiago. Osasun Sailak emandako datuen arabera, astelehen honetan 8.454 proba diagnostiko egin dituzte, eta egindako proben positibotasun tasa % 3,5etik % 2,4ra jaitsi da (iazko uztailetik ez da horrelakorik izan).

Positibo berri horien artean, 21 detektatu dituzte Araban, 70 Gipuzkoan eta 107 Bizkaian. Gainera, EAEtik kanpo bizi diren hiru pertsonak ere eman dute positibo covid-19a hautemateko probetan.

EAEko ospitaleetan presio asistentziala apur bat jaitsi da, astelehenean covid-19a duten 32 pertsona ospitaleratu dituzte (aurreko egunean baino 15 gehiago), eta 127 pertsona daude ospitaleratuta (igandean baino 13 gutxiago).

Zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) 84 gaixo daude oraindik, aurreko eguneko kopuru bera.

Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko metatutako kasu positiboen tasak behera egin du berriro, astelehen honetan 192,32an geratu baita (3,34 kasu gutxiago).

Intzidentzia-tasa metatua 200 kasuetatik jaitsi da Gipuzkoan, 199,32an baitago; apur bat igo da Araban (155,66 kasu), eta behera egin du Bizkaian, 194,16ra jaitsi baita.

EAEko hiriburuetan joera berdina da: tasa metatua 159,6raino igo da Gasteizen, 195,4tik 195,1era jaitsi da Bilbon, eta 180,4ra jaitsi da Donostian.

Behera egiten jarraitzen duen beste adierazle bat R0 da, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena: 0,84an zegoen atzo (-0,04), eta 1etik behera geratu da seigarren egunez jarraian. R0 jaitsi egin da hiru lurraldeetan: Araban 0,90era, Bizkaian 0,85era eta Gipuzkoan 0,81era.

Bestalde, EAEn 49 gela itxi dituzte astearte honetan 37 ikastetxetan, Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena