Gizartea -
genero indarkeria
Diego 'El Cigala' flamenko-kantaria atxilotu dute genero indarkeria leporatuta
Espainiako Poliziak Atotxako (Madril) hotel batean atxilotu du abeslaria; Jerez de la Fronteran izandako tratu txarren delitu bat egotzi diote.
eitb media
Espainiako Poliziak Diego Ramon Jimenez Salazar El Cigala flamenko-kantaria atxilotu du Madrilgo hotel batean, Jerez de la Fronteran (Kadiz, Espainia) gertautako genero indarkeriazko delitu batengatik, ikerketako iturriek Efe agentziari esan diotenez.
Bart gauean gertatu da atxiloketa Catalonia Atocha hotelean, Espainiako hiriburuko Atocha kaleko 81. zenbakian.
52 urteko abeslariak Zentroko polizia-etxean igaro du gaua.
Jerez de la Fronteran izandako tratu txarren delitu bat leporatu diote. Bertan bizi da abeslaria.
Ez da Poliziak Diego El Cigala atxilotzen duen lehen aldia, eta 2014an Madrilgo 12 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak zigortu egin zuen, hegaldi-azafata bati mehatxu egiteagatik.
El Cigalak 25 urte baino gehiagoko ibilbidea du musikan, hamabi eskoizpen diskografiko ditu eta Grammy sarietarako hainbat izendapen eta platinozko diskoak jaso ditu.