Gizartea -

Bigarren urtez jarraian

Bilboko 721. urteurrena Gau Zuririk gabe, baina ikuskizunekin kaleetan

Ikuskizunak ekainaren 15etik 20ra egingo dira, hiriko hiru gunetan: Itsasargiak Abandoibarrako pasealekuan, Dantz-Point Zorrotzaurren eta Kantaire Arriaga plazan.

Abandoibarrako kaiko pasealekuko farolak. Argazkia: Bilboko Udala
Abandoibarrako kaiko pasealekuko farolak.
Abandoibarrako kaiko pasealekuko farolak. Argazkia: Bilboko Udala

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak hiriaren sorreraren 721. urteurrena ospatzea erabaki du, "modu seguruan, pilaketarik gabe". Horregatik, kalean zenbait emanaldi artistiko programatu ditu. Aurreko edizioetan ez bezala, aurtengoan ez da Gau Zuria ospatuko garai horretan; bigarren urtez segidan, urrira atzeratuko da.

Udalak ohar batean azaldu duenez, ikuskizunak ekainaren 15etik 20ra egingo dira, hiriko hiru gunetan: Itsasargiak Abandoibarrako pasealekuan, Dantz-Point Zorrotzaurren eta Kantaire Arriaga plazan.

Ekainaren 15etik 20ra, iluntzean, koloretako iragazkiekin argiztatuko dira Abandoibarrako kaiko pasealekuko farolak, antzinako industria-jardunaren omenez, hiriaren urteurrena iragartzeko.

Hilaren 18an eta 19an, musika eta Zorrotzaurre protagonistak izango dira. Dantz-Point Zorrotzaurre musika elektronikoko saioa izango da, ikus-entzunezko edukiekin, DJ JUDY-ren eskutik.

Emanaldia streaming bidez ikusi ahalko da, ekainaren 18an, 22:00etan, Udalaren Facebook kontuan (Bilbao Udala) eta Dantz Point Zorrotzaurren online plataforman. Horrela, mundu osoan zehar bizi diren bilbotarrek euren hiriaren urtebetetzea ospatu ahalko dute.

Ekainaren 19an, larunbata, 12:30ean, Arriaga plazan, Bilboko Koral Elkarteak, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, hiria omenduko du bere 721. urteurrenean.

Kontzertu honetara etortzeko, lekua eskatu beharko da aldez aurretik, ekainaren 17an, osteguna, 946790488 telefonora deituta. Deiak 10:00etatik aurrera egin daitezke, leku guztiak bete arte. Dei bakoitzeko lau leku erreserbatuko dira gehienez.

Ospakizun honetako ekitaldi instituzional garrantzitsuena ekainaren 15ean egingo da, hiria sortu zen egunez, 10:30ean. Alkateak, Udalbatza osoarekin, Bilboko bandera igoko du udaletxearen ondoan, 721. urteurrena sinbolizatu eta oroituko duen ekitaldian.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Koronabirusa Deseskalatzea