Gizartea -
GERTAKARIA
1.400 kilo kokaina atzeman dituzte Bilboko Portuan edukiontzietan ezkutatuta
Martxoan eta maiatzean egindako bi operaziotan atzeman dute droga, eta legez kanpoko merkatuan 86 milioi eurotik gorako balioa izango luke.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
1.397 kilo kokaina konfiskatu dituzte martxoan eta maiatzean Bilboko Portuan egindako bi operaziotan, Espainiako Gobernu Ordezkaritzak astelehen honetan jakitera eman duenez.
Maiatzaren 17an, tona bat aurkitu zuten, baina orduan ez zuten datu gehiagorik eman. Astelehen honetan baieztatu dutenez, 1.212 kilo konfiskatu dituzte, eta martxoaren amaieran beste 85 kilo.
Droga Hego Amerikatik abiatutako edukiontzi batzuetan ezkutatuta zegoen. Bi kasuetan, edukiontzietan irregulartasunak atzeman ondoren, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak Bizkaiko Portuan duen Aduanara eraman zituzten, azterketa sakon bat egiteko.
Merkantzia deskargatu ahala, droga garraiatzeko erabili ohi dituzten aitortu gabeko fardoak atzeman zituzten, eta horien barruan kokaina pakete ugari, gordeta.
Legez kanpoko merkatuan 86 milioi eurotik gorako balioa izango luke atzemandako drogak. Ikerketa ez dute oraindik amaitutzat eman, baina oraingoz ez dute inor atxilotu. Dirua zuritu duten ere ikertzen ari dira.
Iazko apirilean beste 1.100 kilo kokaina atzeman ostean, azkenaldian areagotu egin dira Bilboko Portuko kontrolak.
Drogen eta Toxikomanien Europako Behatokiaren arabera, itsasoz kokaina Europan sartzeko bitarteko nagusietako bat kontainerrak dira. Kalkuluen arabera, kontinentean konfiskatutako kokainaren bi herenak itsasoz iristen dira.