Gizartea -

Koronabirusa

Gimnasioetan CO2 neurgailuak erabiltzeko gomendatu du Eusko Jaurlaritzak

Osasun Sailak eguneratu egin ditu kutsatzeak ez izateko protokoloak lantzeko irizpideak, gimnasioetan hartu beharreko segurtasun-neurri zehatzak ezarrita.

Gasteizko gimnasio baten barrualdea. Artxiboko argazkia: EFE
Gasteizko gimnasio baten barrualdea.
Gasteizko gimnasio baten barrualdea. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gimnasioetan aireztapena egokia dela egiaztatzeko C02 neurgailuak erabiltzeko gomendatu du Eusko Jaurlaritzak.

Osasun Sailak eguneratu egin ditu kutsatzeak ez izateko protokoloak eta planak lantzeko irizpideak, gimnasioetan hartu beharreko segurtasun-neurri zehatzak gehituta. Hala, aireztapena bermatzea, edukiera kontrolatzea eta erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea mantentzea ezinbestekotzat jotzen du.

Dokumentu berriaren arabera, gimnasioan dauden sala edo eremu ezberdin bakoitzeko zehaztu beharko dira edukierak. Halaber, makinen arteko tartea gutxienez 1,5 metrokoa izan beharko da eta erabiltzaileak aurrez aurre egotea saihesteko moduan kokatu beharko dituzte.  

Horrez gain, aireztapena egokia dela ziurtatu beharko dute. Aireztapena naturala bada, gurutzatua izatea gomendatu da. Horretarako, aurrez aurre dauden leihoak edo ateak irekiko dira. Aireztapena behartua bada, kanpoko airea ahalik eta gehien sartu beharko da, eta airea birzirkulatzea saihestu. Aireztapena behar bezala egiten dela egiaztatzeko, CO2 neurgailuak erabiltzeko gomendioa egin dute.

Kartel eta bestelako bitartekoen bidez, gimnasioaren erabiltzaileei zuzendutako prebentzio-neurri pertsonalei buruzko mezuak indartuko dituzte: maskara nahitaez erabiltzea; segurtasun-distantzia mantentzea; eskuak garbitzea; makinak, objektuak edo materialak ez partekatzea edo erabili ondoren garbitzea; eta covid-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero edo covid-19a duten pertsonekin kontaktuan egonez gero gimnasiora ez joatea.

Gainera, kasu positiboen kontaktuen jarraipena errazteko, beharrezkotzat jotzen da erabiltzaileak erregistratzeko sistema bat edukitzea. Erregistro hori gutxienez hiru astez gordeko dute, eta Osasun Sailaren eskura egongo da.

Azkenik, covid-19arekin zerikusia duten gai guztietarako erreferentziazko pertsona bat izendatu beharko dute. Pertsona horrek prebentzio-neurriak betetzen direla zaindu beharko du, eta, beharrezkoa izanez gero, Zaintza eta Jarraipen Sareari informazioa emateaz arduratuko da, horrek kontaktuak iker ditzan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa