Gizartea -

TABAKOA

Ez erretzeko gonbita egiten ari dira EAEko 8 hondartzatan

Proposamenaren helburua tabakoaren kontsumoa desnormalizatzea eta kerik gabeko giroa sortzea da, adingabe askok aisiarako hautatzen duten ingurune batean kontsumo pasiborik egon ez dadin.

Garaio hondartza. Argazkia: EFE
Garaio hondartza.
Garaio hondartza. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik aurrera, Euskadiko 8 hondartzatan erabiltzaileei ez erretzeko gonbita egingo diete, baita nikotina kontsumitzeko gailuak ez erabiltzekoa ere, mendekotasun hori desnormalizatzeko eta kerik gabeko giroa sortzeko, eta adingabe asko biltzen dituzten leku horietan kontsumo aktiboa eta pasiboa saihesteko.

Tabako-kerik gabeko EAE baterantz aurrera egiten jarraitzeko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lehen esperientzia bat abiaraziko du aurtengo udan, Zumaiako Itzurun eta Santiago, Ibarrangeluko Laga eta Laida, Lekeitioko Isuntza, Mundakako Ondartzape eta Burguko Garaio Hegoaldea hautatzen dituzten erabiltzaileei hondartzan dauden bitartean ez erretzea eskatzeko.

Ez da zigor-ekimen bat, banakako konpromisoan eta konpromiso kolektiboan oinarritzen den ekintza bat baizik. Horregatik, hondartzara joaten diren pertsonei "gonbidapena" egingo diete inguru horretan ez erretzeko eta "kerik gabeko Euskadi bat" lortzeko bidean aurrera egiteko.

Era berean, zigarro-puntak toki horietan objektu kutsagarri ohikoenak ez izatea lortu nahi dute. Hondakin horrek "ingurumena suntsitu egiten du"; izan ere, 5 eta 10 urte artean behar izaten ditu degradatzeko, itsasoa kutsatzen du eta horren substantzia toxikoek itsas animaliak hil ditzakete.

Ekimen honekin bat egin duten hondartzetan horren berri emango dute, panelak, kartelak, liburuxkak eta megafonia erabiliz, erabiltzaileei ez erretzera gonbidatuta daudela jakinarazteko, eta, gainera, "dibulgazio- edo dinamizazio-jarduerak" egingo dira, "ekimena zabaltzeko eta jende gehiagok parte hartzeko".

2022an tabako-kerik gabeko hondartzen euskal sarea eratzeko lehen esperientzia izango da aurtengoa, Jaurlaritzaren "tabako-kerik gabeko herriak" ekimenaren baitan.

Programa honekin, ingurumena eta herritarrak babestu nahi dituzte, ingurune osasungarriagoak sortuz eta tabakoaren eta lurrungailuen kontsumoa desnormalizatuz. Kerik gabeko guneak sortuta, erretzen hasteko adina atzeratu nahi dute, eta kontsumo pasiboa saihestu, batez ere agindabeen kasuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Hondartzak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uda bizimodu osasungarrirako ohiturak