Gizartea -

EAE-KO ERAKUNDEAK

Euskarrik egoera ahulean dauden adingabe eta gazteen inklusioa bultzatuko du

Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek abian jarri dute adingabeen eta 21 urte arteko gazteen arazoari helduko dion estrategia.

haur bat parkean. Argazkia: EFE.
haur bat parkeqan
haur bat parkean. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta Eudelek Euskarri Estrategia aurkeztu dute astearte honetan, egoera ahulean dauden adingabe eta gazteak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko.

Joan den ostegunean Eudeleko Exekutiboak onartu zuen, eta gaur goizean foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluek berretsi dute.

Astearte honetan, erakunde arteko lan-mahaia eratu dute Lehendakaritzan, ekimenaren sustapena eta kudeaketa koordinatzeko. 12 lehentasun izango ditu, "adingabeen eta 21 urtera arteko gazteen problematikari helduko diote, baldin eta egoera ahulean badaude continuum gisa eta osotasunean eta etenik gabe heltzen badiote. Era berean, bertakoentzat eta atzerritarrentzat proiektatzen da", Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak azaldu duenez. 

Tutoretzapeko adingabeen kasuan, laguntza-puntu estrategikoak hiru kontzeptutan definituta daude: etxea, orientazioa eta prestakuntza. Tutoretzapekoak diren gazteen kasuan, honako hauek dira laguntza-puntu horiek: gizarteratzea eta laneratzea, etxebizitza eta bizi-sustatzailea. Helburua bizitza-autonomo proiektu baten alde egitea da.

Erakundeek laguntza-puntu horiek bultzatuko dituzte, eta adingabeek eta gazteek, "kontratu" baten bidez, eskubideen eta betebeharren konpromisoa hartuko dute.

"Estrategia hori begirada paternalistatik zein edozein espiritu biktimistatik urruntzen da. Mezu hezitzaile nagusia hau da: bizitzan aurrera ateratzeko, gogor lan egin behar dela. Hori egin ahal izateko, beharrezkoa da sostengu-puntuak izatea", azaldu dute.

Halaber, oinarrizko tresnak eta sostengu-puntuak eskaintzearen eta erresilientzia, hau da, "pertsona bakoitzak egoera traumatikoak gainditzeko duen gaitasuna", bultzatzearen alde egiten du.

Jaurlaritzaren arabera, "tutoretzapeko adingabeen eta tutoretzapeko gazteen arazoak erronka etiko bat dira. Adinagatik helduaroaren berezko autonomia baliabiderik ez duten pertsonei eragiten die".

"Berdintasun-erronka bat ere bada, eta, pertsona horien kasuan, gizarteratzeko eta laneratzeko baldintzak sortzearen parekoa da. Azken finean, adingabe eta gazte horiengan, gizarte osoan eta euren aurrerabidean eragina duen herri erronka da", adierazi dute.

Gainera, horien arabera, covid-19ak zailtasunak areagotu ditu eta ezberdintasun arrakalak handitu ditu behartsuenentzat. "Seguruenik, zaurgarritasun handieneko testuinguruetako bat familiarik gabeko haurrei eta bakarrik dauden gazte migratzaileei eragiten diena da. Azken finean, giza duintasuna eta bizikidetza bezalako gizarte demokratiko baterako hain estrategikoak diren balioak defendatzen eta sustatzen saiatzen ari gara", esan dute.

Lehendakaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuordetzak dinamizatutako hilabeteetako lanaren emaitza da Euskarri. 2019an zehar, erakunde sinatzaileek hausnarketa-prozesu bat garatu zuten, Euskarri dokumentua sortu zuena. 2020ko otsailerako, dokumentua prest zegoen aurkezteko. Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeen iragarpenak atzeratu egin zuen aurreikuspen hura, eta, ondoren, pandemiak geldiarazi zuen lan-plana.

Orain, prozesu horretan parte hartzen duten erakundeek berriz bultzatzea erabaki dute, uste baitute haren aurreikuspen guztiek indarrean jarraitzen dutela eta baliagarriak izaten jarraitzen dutela, baita beharrezkoagoak ere, egungo testuinguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak