Gizartea -

Nafarroako Auzitegia

Kasedako hilketaren bi egileei espetxe iraunkor berrikusgarria ezarri diete

Lehen aldia da Foru Erkidegoan kondena mota hori, Zigor Kodean jasotako gogorrena, ezartzen dutena. Zigortutako biek biktimen familiari kalte-ordaina eman beharko diote, gainera.

Epaiketa maiatza amaiera egin zuten Nafarroako Auzitegian. Artxiboko argazkia: EFE
Epaiketa egin zuten Nafarroako Auzitegiaren aretoa
Epaiketa maiatza amaiera egin zuten Nafarroako Auzitegian. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Auzitegiaren Bigarren Sekzioko epaileak espetxe iraunkor berrikusgarria ezarri die Kasedako (Nafarroa) hilketa hirukoitzaren bi egileei. Lehen aldia da  Foru Erkidegoan kondena hori, Zigor Kodean jasotako gogorrena (2015ean erantsi zuten), ezartzen dutena.

Herri-epaimahaiak errudun jo zituen hilketengatik auzipetutako hiru gizonetatik bi (hirugarrena errugabetu zuen), eta hori oinarri hartuta eman du epaia magistratuak. Epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkez daiteke Nafarroako Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salan.

Epaiaren arabera, Juan Carlos J. J.k, hots, eskopeta tiroen egileak, 20 urteko kartzela zigorra bete beharko du Fermin Jimenez Echeverria (51 urteko aita) hiltzeagatik, 20 urteko beste kartzela zigor bat Cristian Jimenez Echeverria (16 urteko semea) hiltzeagatik, eta espetxe iraunkor berrikusgarria Jose Antonio Jimenez Echeverria (29 urteko beste semea) hiltzeagatik.

Errudun jotako beste zigortuari, Emilio J. J.ri, Juan Carlos aitari eskopeta ematea egotzi dio, eta, horrenbestez, 15 urteko espetxe zigorra jarri dio lehen hilketa bakoitzagatik eta espetxe iraunkor berrikusgarria, berriz, hirugarren hilketagatik.

Zigor Kodearen 2015eko erreformak jasotzen duenez, bi pertsona baino gehiago hiltzeagatik zigortutakoari ezarriko zaio espetxe iraunkor berrikusgarria. Hain justu, Kasedako auzi honetan, hirugarren hilketagatik ezarri du epaileak zigor hori.

Kartzela zigorrak ezartzeaz gain, biktimen senitartekoei 916.247 euroko kalte-ordaina ematera kondenatu ditu epaileak.

Bi gizonek gutxienez 22 urte bete beharko dituzte kartzelan hirugarren gradura igaro aurretik, eta gutxienez 30 urte eman beharko dituzte kartzelan baldintzapeko askatasuna eskuratzeko.

Aipatu bezala, epaimahaiak hilketa delitutik salbuetsi zuen hirugarren akusatua (Juan Carlos J. J., semea). Lesio delitu arina egotzi zion, eta, hori dela eta, 240 euroko isuna ezarri dio epaileak.

Hilketak, "hoztasunez eta zehaztasunez eginak"

Epaileak frogatutzat eman Juan Carlos J. J. aitak "jakitun zela, borondate osoz, hoztasunez eta zehaztasunez" egin zituela hilketak, eta horren erakusle da "eskopetaz egindako lau tiroek bete-betean jo zituztela biktimak, punteria guztiarekin". 

Emilio J. J., tiroen egilearen semea, hilketen ezinbesteko laguntzaile izan zela uste du epaileak. "Eskopeta ateratzeko aginduari men egin zion, eta bazekien kargatuta zegoela", epaiaren arabera. Aitak semearen eskuetatik hartu zuen arma.

Horren aurrean, euren burua defendatzeko aukerarik gabe geratu ziren biktimak, eta, horrenbestez, azpikeria frogatutzat eman du epaileak. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak