Gizartea -

Deseskalatzea

Osasun larrialdi egoera indargabetzea aztertu dezake Jaurlaritzak 15-20 egun barru

Lehendakariak iragarri duenez, pandemiaren joerak positiboa izaten jarraitzen badu, gai hori izango du mahai gainean LABIk.

Jendea Gasteizen. Foto: EFE
Jendea Gasteizen. Foto: EFE
Jendea Gasteizen. Foto: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera bertan behera uztea aztertuko duela bi edo hiru aste barru pandemiaren joerak positiboa izaten jarraitzen badu.

Horixe adierazi du lehendakariak LABIren bileraren osteko prentsaurrekoan, bihartik aurrera indarrean egongo diren neurrien berri ematerakoan.

Urkulluk azpimarratu du aurreikuspen horrek agerian uzten duela pandemiaren "bilakaera oso baikorra" dela. Dena den, argi adierazi nahi izan du larrialdi egoera indargabetzeak ez duela esan nahi "ez dela neurririk bete beharko".

Erabaki hori hartuz gero, LABIren antolaketa aldatu egin beharko dute, eta Segurtasun Sailaren esku geratuko da.

Zehazki, hauxe dio Larrialdiak Kudeatzeko Legearen zortzigarren artikuluak osasun larrialdi egoerari buruz:

1.– Babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak herritarren eskubideei eragiten dieten jarraibide eta oharrak eman ahal izango ditu legeetan ezarritakoaren arabera, bai eta hartzaileek derrigor bete beharko dituzten neurriak hartu ere, aplikatu beharreko planean ezarritakoaren edo hondamendiak gertatzen direnean aktibatutako babes zibileko plan baten arabera, edo larrialdiak edo babestu beharreko ondasunek sortzen dituzten beharrek hala eskatzen dutenean.

2.– Besteak beste, honako neurri hauek hartu ahal izango ditu:

a) Pertsonak beren etxeetan edo leku seguruetan konfinatzea.

b) Pertsonak arrisku-lekuetatik ebakuatu edo urruntzea.

c) Arriskuko edo ekintzako eremuetarako sarbidea mugatzea.

d) Zerbitzu publiko eta pribatuen erabilera edo ondasunen kontsumoa mugatu edo baldintzatzea.

e) Leku jakin batzuetan jarduerak mugatu edo debekatzea eta arreta, prebentzio edo jokabide jakin batzuk hartzeko betebeharra ezartzea.

3.– Manu honetan aipatzen diren neurriak zorrozki mugatuak egongo dira larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa den denbora-tartera; halaber, neurriok arriskuaren araberakoak izango dira, eta ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik emango.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Osakidetza Bilbo Donostia Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Jatetxeak Aisia Tabernak Koronabirusa LABI Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn 2022