Gizartea -
KORONABIRUSA
59 kasu berri atzeman dituzte Nafarroan eta positibitatea % 4ra igo da
Azken astean 25 eta 59 kasu berri artean diagnostikatu dituzte egunero. Atzo, Iruñeko Txantrea auzoan atera ziren kasu berri gehien: zazpi.
EITB MEDIA
Covid-19aren intzidentzia egonkor mantendu da azken aste honetan Nafarroan, 25 (asteartean) eta 59 (larunbatean) kasu artean. Ostiral honetan 59 pertsonari atzeman diote birusa, Foru Gobernuak larunbat goizean emandako behin-behineko datuen arabera. Aurreko larunbatean publiko egindako zenbaki bera da, baina ostegunean baino 12 kasu gehiago ere badira.
Iruñeko Txantrea auzoan zazpi kasu atzeman dituzte azken egunean. Herri kolpatuenen artean, ondoren, Burlata, San Adrian eta Villafranca daude, bakoitza bost positiborekin.
Atzo, guztira, 1.472 PCR eta antigenoen test egin zituzten eta ateratako positibo kopurua ikusita, positibotasun-tasa % 4koa izan da. Astean zehar, Foru Erkidegoan 32 kasu atzeman ziren astelehenean ( % 1,9), 62 asteartean ( % 3,3), 46 asteazkenean ( % 3,2), 47 ostegunean ( % 3,2) eta 59 ostiralean (% 4).
Bestalde, 29 pertsona zeuden ostegunean ospitaleratuta Nafarroako ospitaleetan, horietatik 9 ZIUn.
Edukierak eta ordutegiak zabaldu dituzte Nafarroan
Covidaren kontrako borrokan, neurri berriak sartu ziren indarrean atzo, ekainak 18, Nafarroan eta momentuz, uztailaren 1era arte, biak barne. Helburua da egoera egonkortzen joatea eta neurriek emaitzak monitorizatzea, bai intzidentzian, bai txertaketa-kanpainak osasungintza-eremuan duen eraginean ere. Osasun sailburu Santos Indurainek atzo adierazi zuenez, "edukiera eta ordutegiak gure bide-orrian jasotzen den arrisku ertaineko egoerara pasatzean datza aldaketa".
Neurri berrien arabera, ostalaritzako barrualdeen edukiera % 30ekoa izatetik % 50ekoa izatera pasako da. Hala ere, aukera emango zaie establezimenduei erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez dezaten, covid-19aren prebentziorako jardunbide egoki batzuk betetzeko konpromisoa hartzen dutela ziurtatzen duena, hala nola distantziak handitzea, CO2 neurgailu bat instalatzea eta 800 ppm-ak (milioiko zatiak) ez gainditzea edo bezeroen trazabilitatea bermatzea. Horrela, barnealdearen gehienezko okupazioa mahaien arteko distantziak markatuko du, gutxienez 2 metrokoa izan beharko duelarik.
Mahai bakoitzean gehienez ere 6 lagun eseri ahal izango dira, euren artean 70 zm-ko distantzia gordez, eta itxiera ordua gauerdira atzeratuko da.
Nafarroako covidaren aurkako neurri berriek, gainera, ospakizunei, elkarte gastronomikoei, aterpetxeei, kultur jarduerei eta kirol jarduerei ere eragiten diete, besteak beste.