Gizartea -

KORONABULOAK

Eman al daiteke positibo PCR proban txertoa jarri ondoren?

"Positibo faltsuak" ez dira posible Espainiako Elkarte Zientifiko Medikuen Federazioaren arabera. Antigorputz edo test serologikoen kasuan bai, positibo eman dezakete.

AstraZenecaren txertoa. Artxiboko argazkia: EFE
AstraZenecaren txertoa. Artxiboko argazkia: EFE
AstraZenecaren txertoa. Artxiboko argazkia: EFE

E. J. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oporrak ate joka eta UE covid ziurtagiri digitala abian jartzear den honetan, oraindik ere PCR negatiboa beharko dute askok eta askok hurrengo asteetan Europar Batasunean zehar zein kanpora bidaiatzeko.

Txertaketa erritmoan izan den azkartzeari esker, herritar ugarik dute jada covid-19aren aurkako txertoren baten lehen dosia jarrita (Hego Euskal Herriko 16 urtetik gorakoen % 60k, adibidez), baina bigarren dosiaren zain -beharrezkoa da erabat immunizatuta egotea txertaketa ziurtagiria lortzeko- uda honetan bidaiatu nahi dutenek PCR negatibo eskuratu beharko dute, infektaturik ez daudela ziurtatzeko.

Testuinguru honetan, bolo-bolo zabaltzen hasi da dosi bat jarrita izanez gero, PCRan positibo eman daitekeenaren zurrumurrua. Posible al da hori, baina? Ez. Espainiako Elkarte Zientifiko Medikuen Federazioak dokumentua argitaratu du txertoek ez dutela "positibo faltsurik" eragiten argituz. Hauxe dio dokumentuak zehazki: "une honetan, erabiltzen ari diren ARNm eta birus-bektoreetan oinarritutako txerto ez erreplikatiboen ezagutza zientifkoak eta ebidentziak argi uzten dute txertaketak ez duela SARS-CoV-2 infekzioa atzemateko proba diagnostikoen emaitza aldatzen (serologia izan ezik)".

Gauzak horrela, txertatu eta handik egun batzuetara norbaiti PCRa positibo ateratzen bazaio, COVID POSITIBOA dela ulertu behar da eta horren aurrean hartu beharreko neurriak hartu.

Azalpen zientifikoa

RT-PCRa sudur-faringeetako exudatuan: ARNm biral zati bat administratzen da Pfizer eta Moderna txertoetan eta birus-bektorean txertatutako geneak AstraZeneca bezalakoetan, S proteina eragiteko. Ez ARNmak ezta gen horiek ez dute arnasbidea harrapatzen, eta beraz, ezin dira atzeman sudur-faringeetako mukosan.

Test antigenikoa sudur-faringeetako exudatuan: Antigenoen testek beren osaeran S proteinaren zatien aurkako antigorputzak izan ditzateke. Hala ere, txertoak sortzen duen proteina lokala da, eta ez dirudi posible denik proteina horren zati bat (immunitate-sistemak identifikatu eta prozesatzen duena) arnasbideetara antzemateko moduko kantitatean iristea. Beraz, gaur egungo hipotesiaren arabera, test antigenikoek ere ez lukete positibo faltsurik emango covid-19aren aurkako txertoaren ondoren.

Test serologikoa: Laborategi klinikoetan eskuragarri dauden test gehienek infekzio naturalak zein txertoek eragindako antigorputzak detektatzeko gai dira. Horregatik, proba serologikoen emaitzak behar bezala interpretatu ahal izateko eta defentsa horiek gaixotasuna pasatzeak eragin dituen edo txertatua egoteagatik sortu diren jakiteko, oso garrantzitsua da testak diagnostikoa egiteko erabiltzen duen eredua zein den ezagutzea eta txertoek nahiz infekzio naturalak sortutako antigorputzak ezberdinak direla kontuan hartzea. Gaur egun onartuta dauden txertoek S1 proteinaren aurkako antigorputzak sortzen dituzte. Infekzio naturalak antigorputz antiespikularrak (S) eta antinukleokapsideak (N) sortzen ditu. Beraz, test mota horretan positibo ematen bada, ikusi egin behar da zer antigorputz mota detektatu dituen, txertoak eragindakoak diren ala gaixotasuna pasatu delako agertu diren jakiteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Medikuak Albiste faltsuak Txertoak Koronabirusa