Gizartea -

Ipar Euskal Herria

Murgiltze ereduaren debekuak ikastolei eragingo diela esan du Konstituzio Kontseiluak

Frantziako Konstituzio Kontseiluak argitaratu duen azken argibidean dio "irakaskuntzaren zerbitzu publikoa" kategoriaren baitan ikastolen itunpeko eskola pribatuak sartzen direla.

Manifestazioa Baionan. Artxiboko argazkia: Aitor Sagarzazu | Euskadi Irratia
Murgiltze ereduaren aldeko manifestazioa Baionan (Lapurdi).
Manifestazioa Baionan. Artxiboko argazkia: Aitor Sagarzazu | Euskadi Irratia

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan Frantziako Konstituzio Kontseiluak argitaratu duen "iruzkin" batean jasotzen du euskararen murgiltze eredua debekatuta geratuko dela, eskola publikoan izan ezik, baita ikastoletan ere.

Frantziako Konstituzio Kontseiluak argitaratu duen azken argibidean dio murgiltze eredua debekatuko dela "irakaskuntzaren zerbitzu publikoa" ematen duten eskoletan, zehaztuz ikastolen itunpeko eskola pribatuak kategoria horren baitan sartzen direla. Hala zehaztu dio l'Express astekariari Kontseiluak berak.

Nahasmena eta ezjakintasun handia eragin du albisteak. "Inprobisazioa eta seriotasun falta", salatu du Hur Gorostiaga Seaskako presidenteak Euskadi Irratian. "Helburua Frantziako Estatuak argi du, eta euskarak une honetan Ipar Euskal Herrian mehatxu handia du gainean", uste du.

"Gillotina bat ezarri digute buru gainean, eta nahi duten momentuan gillotina martxan jarriko dute, eta euskaraz biziarazten duen sistema nagusia suntsitu nahiko dute", ohartarazi du Seaskako presidenteak.

Gorostiaga: "Gillotina bat ezarri digute buru gainean, eta nahi duten momentuan gillotina martxan jarriko dute"

"Baina oker dabiltza, gure herriak gure hizkuntza maite du, eta gure herriak ez du inoiz utziko hori egiten, eta beraz, izango ditugun eraso guztiei aurre egin beharko diegu", erantsi duenez.

Gorostiagaren hitzetan, "hauek egun batetik bestera aldatzen dute haien ikuspuntua,ez dakigu, egia erran ez dakigu, ezjakintasuna da nagusi, pentsatzen duguna da egun batetik bestera gauzak ez direla aldatuko".

Joan etorriak izan ditu murgiltze ereduaren debekuak. Maiatzaren 21ean Konstituzio Kontseiluak eskola eredu guztietan debekatu zuen murgiltzea. Joan den asteazkenean, ordea, iruzkin baten bidez adierazi zuen eskola publikoei soilik eragingo ziela debekuak eta azken 'zuzenketa' larunbat honetan etorri da, ikastolei ere badagokiela debekua, esanaz.

Bestalde, Euskal Hirigune Elkargoak batzarra egin du gaur, eta mozio bat onartu du Frantziako Estatuari murgiltze ereduak onar ditzan eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Iparraldea albisteak Paris gaur Frantzia bideoak Baiona Biarritz albisteak Maule bideoak Donibane Garazi argazkiak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Hezkuntzako albisteak 2024 Frantziako presidentea azken ordukoa Zuberoa Lapurdiko azken ordua Nafarroa Beherea