Gizartea -
Bilbo
Bilbok kirol instalazioak eta eremu berdeak eraikiko ditu Zorrotzako Muturrean
Erabiltzen ez diren eremuak berreskuratzearekin batera, proiektuak eremuaren erakargarritasuna handituko du, ibilbide seguuak sortuko ditu eta aparkaleku falta arinduko du.
EITB MEDIA
Bilboko Udalak Zorrotzako Muturreko eremuan erabiltzen ez diren espazioak berreskuratzeko proiektua aurkeztu du gaur goizean, zehazki, Zirgariak kaiaren, Artsenalbidearen eta Marino Archer kalearen artean zehaztutako eremurako.
Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak azaldu duenez, "eremu horren berriztapena aire libreko jarduerak egitea ahalbidetuko duten elementuek, egoteko guneek eta ibilbide seguru, irisgarri eta ondo argiztatuek bultzatuko dute".
Obrak lizitaziora aterako dira laster, eta 1.485.287,27 euroko aurrekontua dute. Behin esleipena formalizatuta, zazpi hilabeteko epean egingo dira.
Jarduera-eremua
Aurreikusita dauden jarduketen arabera, lau eremu bereizten dira:
Gaur egun, Tránsito kalexkaren bi aldeetan orube batzuk ez dira erabiltzen, inguruko eraikinak eraistetik datozenak, eta aparkaleku mailakatua eta pump track delakoa sortzeko aprobetxatuko dira.
Done Mikel plazan, bestalde, zoladura hondatuta duen kirol-pista bat dago, birgaitu egingo da eta kantxa berri bi jarriko dira haren gainean: kirol anitzeko eta neurri txikiagoko beste bat.
Jarduera-eremuaren parte da, halaber, Artsenalbidea Erriberako parkearekin lotzea; gaur egun, Clara Campoamor kaletik egiten da, lurpeko pasabide ez oso seguru baten bidez.
Erriberako parkean dagoen bidegorri-zatiak ez du gaur egun eremu horrekin lotzen. Hori dela eta, tarte hori kirol- eta aisialdi-gune berriarekin lotzeko, parketik bertatik igarotzen diren trenbide zaharrak desmuntatuko dira.
Azkenik, bidegorriaren luzapenak eragindako berdegunea birjarriko da.
Pump track
Pump tracka jolas- eta kirol-instalazio bat da, asfaltatutako zirkuitu itxi bat, hainbat oztopo, bihurgune, jauzi eta sakangunez osatua, bizikletekin, patineteekin eta abarrekin egin daitekeena.
Zorrotzako Muturrean egingo dena Estatuko osatuenetako bat izango da, konplexutasunari eta lehiaketari dagokienez.
Pump track zein kirol-kantxetarako sarbideen ondoan altzairu herdoilgaitzezko bizikletentzako aparkalekuak jarriko dira.