Gizartea -
Atxiloketa
Gizon bat atxilotu dute Pasai Antxon izandako eraso batean hilketa saiakera egotzita
Ertzaintzak diligentziak ireki dizkie beste 11 pertsonei ustez gertakaerietan parte hartu zutelakoan.
EITB MEDIA
Ertzaintzak 32 urteko gizon bat atxilotu du maiatzaren 15ean Pasai Antxon (Gipuzkoa) izandako talde eraso batean hilketa saiakera egotzita. Atxilotua espetxeratu egin dute eta beste 11 pertsonei diligentziak ireki zaizkie, ustez gertakarietan parte hartu zutelakoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, maiatzaren 15ean, gauerdian, bi pertsona beste gazte bat lapurtzen saiatu ziren, eta, ondoren, pertsona gehiago gehitu zitzaizkien, biktima kolpatzen eta erasotzen hasi zirenak.
Ikerketaren arabera, erasoan parte hartu zuten bi inplikatuk arma zuriak erabili zituzten, eta biktimari eraso egin zioten hiltzeko mehatxupean.
Denbora baten ostean erasotzaileek zauritua bertan uztea erabaki zuten polizia iritsiko zelakoan. Azkenean, gerturatutako agenteak izan ziren anbulantzia bat eskatu zutenak erasotako gaztea ospitalera eramateko.
17 eta 36 urte bitartean
Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin elkarlanean, ikerketa bat abiatu zuen, eta gertakarietan parte hartu zuten ustezko pertsonak identifikatu dituzte, 17 eta 36 urte bitartekoak, guztiak ere "biktimaren aurkako talde-erasoan inplikatuta".
"Ikerketa korapilatsuaren" ondoren, instrukzio-taldeak beharrezko frogak bildu ahal izan ditu, eta horrenbestez joan den astean Astigarraga inguruan arma zuri bat erabili zuen erasotzaileetako bat atxilotu zuen.
Atxilotuak dokumentazio faltsua zuen, eta indarkeriaz egindako lapurretengatik polizia-aurrekariak ditu. Gainera, Nafarroako epaitegi batek espetxeratzeko agindua eman zion.
Ertzaintzaren eginbideak, eta joan den asteazkenean, ekainaren 16an, Donostiako Guardiako Epaitegietan atxilotua epailearen esku utzi izana medio, atxilotua Martuteneko espetxean (Donostia) sartzeko agindua eman da.