Gizartea -

Nafarroa

Neskato bati sexu-abusuak egiteagatik akusatutakoaren absoluzioa baliogabetu dute

Gizon bat epaitu zuten Iruñean bikotekidearen alabari sexu-abusuak egitea egotzita, eta absolbitu egin zuten. Orain, baina, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi du ebazpena.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoan gizon bat epaitu zuten Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalean, bikotekidearen 14 urteko alabari sexu-abusuak egitea egotzita. Absolbitu egin zuten, ardura neskatoarena izan zela ebatzita.

Epaiaren arabera, adin txikikoak sexu-harremanak izan zituen bere amaren bikotekidearekin, gizona ezertaz jabetu ez zela baliatuta, etxeko sofan mozkortuta eta lo zegoelako.

Neskatoa haurdun geratu zen, eta umearen aita akusatua zela erakutsi zuten DNA probek. 

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, baina, baliorik gabe utzi du orain auzipetuaren aldeko epaia, oinarririk gabekoa dela ondorioztatuta, gertakariak argi ez daudelako eta bertsio hori egiaztatzeko frogarik ez dagoelako.  

Gauzak horrela, Probintzia Auzitegiko epaitegira bidali du auzia, kasua berriro aztertu, eta epai berri bat eman dezaten.  

Martxoaren 5ean egin zen epaiketan, fiskalak eta akusazio partikularrak sei urteko kartzela-zigorra eskatu zuten gizonarentzat, adingabeko bati sexu-abusuak egitea leporatuta, eta mozkortuta zegoela egin izana aringarritzat onartuta. Defentsak, berriz, absoluzioa galdegin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak