Gizartea -

Koronabirusa

Musukoa kanpoan ere izango da nahitaezkoa, segurtasun-tartea bermatu ezin bada

Araudi berria larunbat honetan sartuko da indarrean. Aurrerantzean ere, musukoa derrigorrezkoa izango da aire librean jendetza pilatzen denean, eremu itxietan eta garraio publikoan.

Hainbat lagun kalean, musukoa jantzita. Artxiboko argazkia: EFE
Hainbat lagun kalean, musukoa jantzita.
Hainbat lagun kalean, musukoa jantzita. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren larunbatetik aurrera musukoa erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango eremu irekietan eta aire zabalean, betiere pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatuta badago.

Hala adostu dute Osasun Ministerioak eta erkidegoek arratsalde honetan Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluan. Musukoaren erabilerari buruzko araudi berria ostegun honetan onartuko dute Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluan eta ekainaren 26an sartuko da indarrean.  

Halaber, adineko pertsonek maskara erabiltzeari uko egiteko aukera izango dute zahar-etxeetan, % 80k txertaketaren pauta osoa jarrita badute. Langileek eta bisitan doazenek, berriz, musukoa derrigorrez jantzi beharko dute.

Horrez gain, osasun arazoak dituztenak salbuetsita egongo dira. Eta itsasontzietan ere ez da derrigorrezkoa izango, ontziaren bizkarrean ibiltzerakoan eta bidaiarien artean 1,5 metroko tartea dagoenean.

Aurrerantzean ere, maskara derrigorrezkoa izango da aire librean jendetza pilatzen denean, eremu itxietan eta garraio publikoan.

"Adierazle guztiak esaten dute bide onetik goazela, eta txertaketa-tasa altua kontuan hartuta, musukoaren erabilera malgutzeko unea iritsi da", adierazi du Carolina Darias Osasun ministroak erabakia argudiatzeko.

Osasun ministroak azpimarratu du musukoaren erabilera malgutzeko araudi berria erkidego guztietan aplikatuko dela.

Badaezpada maskara bat beti eskura izan behar dela aipatu duela eta, Dariasek ez du argitu agindua edo gomendioa den. Baldintza guztiak Espainiako Gobernuak ostegun honetan onartuko duen dekretuan azalduko dituztela eta bihar arte itxaroteko esan du.     

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa Maskarak