Gizartea -

Ostegunean

Bizkartzainak protestan, akordiorik gabeko lan erregulazioen aurka

EAEn uda baino lehen 1.400 bizkartzain lanik gabe geldituko direla ohartarazi dute eta irtenbide bat nahi dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko bizkartzain pribatuak Eusko Jaurlaritzaren aurrean bilduko dira, Jaurlaritzaren jokabidearen aurka protesta egiteko. Azken horrek lan erregulazioko txostenak komitearekin akordiorik egin gabe onartu dituztela esan dute, eta irtenbide bat eskatu dute Euskadin uda baino lehen lanik gabe geldituko diren 1.400 bizkartzainentzat.

Joan den ostegunean protesta egin zuen USO sindikatuak, orduan ere Lakuako egoitzaren parean. Lehengo asteko protestan, USOko ordezkariek Herrizaingo Sailarekin elkarrizketa bat izatea eskatu zuten, baina erantzunik jaso ez dutela salatu dute. Hori dela eta, berriz mobilizatzea erabaki dute.

Txomin Marañon USO sindikatuko idazkari orokorrak esan duenez, joan den ostiralean Eusko Jaurlaritzak lan erregulazioko beste txosten bat onartu zuen, akordiorik lortu gabe. Oraingoan Casesa segurtasun enpresak aurkeztu zuen, eta 156 bizkartzain kalean geldituko dira haren ondorioz.

Casesak antzeko beste plan bat egiteko asmoa duela azaldu du Marañonek, eta Segur Ibericak 280 lagun inguru kaleratu nahi dituela, Coviarrek 200 inguru eta Ombudsek 147

Horiei guztiei Eulenekin adostutako lan erregulazioa gehitu behar zaio (beste 50 lagun hartzen ditu bere gain), baita Sabicorekin adostutakoa ere. USOren aurreikuspenen arabera, uda baino lehen 1.400 bizkartzain gutxiago egongo dira lanean EAEn. EAEko Bizkartzain Aktiboen Elkarteak ez du protestarekin bat egingo, "errua batak besteari botatzea" irtenbidea ez dela iritzita. Garrantzitsuena "irtenbide bat" aurkitzea dela esan dute, aurre-erretiroen bitartez edota tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak babesten, eesaterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea