Gizartea -

Ertzaintza

Urola-Kostan gas-berrikusketetan egin dituzten maulez ohartarazi dute

Oraingoz lau pertsona inputatu dituzte beharrezkoak ez diren berrikuspenengatik edo pieza aldaketengatik "gehiegizko prezioa" kobratzea leporatuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urola Kosta eskualdean gas-berrikusketetan ematen ari diren maulen inguruan ohartarazi du Ertzaintzak eta lau pertsona inputatu ditu.

Baimenduta ez dauden pertsonek edo enpresek egindako gas-instalazioen berrikusketa ilegalekin erlazionatutako maula-kasu berri bat aztertzen ari dira, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Berrikusketengatik "gehiegizko prezioak kobratzean edo beharrezkoak ez diren pieza-aldaketak egitean oinarritzen da maula". Ertzaintzak pertsona nagusiak batez ere ohartarazi nahi ditu, baserri zein hiri zonaldetan.

"Teknikari ilegal" horien jokabidea "oldarkorra" omen da, eta pertsona nagusien bizilekuetara joaten dira normalean eta gas-instalazioaren berrikusketa bat egin behar dutela esaten diete.

Iruzurrezko konponketan, ondo dauden piezak aldatzera hel daitezke, fakturaren prezioa igotzeko; 100 edo 200 euro ingurukoa izaten da normalean. 2011 urtearen amaieran, erabiltzaileei maula egiten zion enpresa bateko pertsonala identifikatu zuen Ertzaintzak (Burgosen zuten egoitza). Orduan, antzeko kasuengatik salaketak jaso ziren Zestoan, Deban edo Gernikan.

Irregulartasun-mota hauen aurrean erne egotea gomendatzen du Ertzaintzak. Egiaztatutako zerbitzu-tekniko ofizialek baino ezin dituzte egin berrikusketa hauek; arruntena da bizilekuaren jabeak zerbitzu hau kontratatzea eta langileek instalazioaren mantenua egin baino lehen abisatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea