Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

208 kasu berri atzeman dituzte EAEn, Mallorcako agerraldiarekin lotutakoak batzuk

EITB MEDIA

Bezperan bezala, 34 pertsona daude une honetan ZIUetan, baina azken 15 egunetako pertsona kopururik altuena ospitaleratu zuten covid-19agatik atzo, egun bakarrean: 31.

1:16
Gazteak, testa egiteko zain

Covid-19aren pandemiak bezperako datuen antzeko argazkia utzi du ekainaren 26 honetan Euskal Autonomia Erkidegoan. Atzo 6.481 proba diagnostiko egin ziren (PCR eta antigeno testak) eta 208k positibo eman zuten. Positibitate tasa % 3,2koa izan zen, beraz. Aurreko egunean, 217 positibo eta %4,1eko positibitatea izan zen.

Lurraldekako datuak ikusita, Gipuzkoako kasuak Bizkaikoen pare daude bigarren egunez jarraian, beraz, Mallorcako agerraldiaren sokak etenik gabe jarraitzen du, oraingoz. Horri lotuta, baheketa bereziak egiten ari dira asteburu honetan EAE guztian, ekainean Mallorcan izan diren 16-19 urteko gaztetxoen artean.

Zehazki, 22 kasu atzeman zituzten atzo Araban, 91 Bizkaian eta 90 Gipuzkoan. Gainera, beste lurralde batzuetan bizi diren pertsonen artean 5 kasu diagnostikatu zituzten.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 31 lagun ospitaleratu zituzten atzo covid-19agatik, azken 15 egunetako daturik altuena. Une honetan 34 lagun daude ZIUn, bezperako kopuru bera. Ondorengo taulan ikus daiteke zenbat ospitaleratze izan diren azken bi asteotan Osakidetzan:

Azken 15 egunetako ospitaleratzeak EAEn. Iturria: Osasun Saila

Azken 15 egunetako ospitaleratzeak EAEn. Iturria: Osasun Saila

Behera egin dute kutsatzeek Nafarroan, 35 kasu atzeman baitituzte azken egunean

Covid-19 kutsatze datuek hobera egin dute azken egunetan Nafarroan. Ostegunean 51 positibo berri detektatu bazituzten, atzo, ostirala, 35 pertsonak eman zuten positibo.

1.326 proba diagnostiko egin zituen Osasun Sailak (PCR eta antigeno testen artean) egunean zehar, eta horien % 2,6k eman zuten positibo, Nafarroako Gobernuaren behin-behineko datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena