Gizartea -
Eguzki ordutegia
Denbora neurtzeko sistemaren erabakia 2015 urtera arte atzeratu dute
Balizko erabaki horrek garrantzi zientifiko zein historikoa izango luke, orain arte, eguzki ordutegia izan baita denbora neurtzeko erabilitako sistema.
Erredakzioa
Nazioarteko Telekomunikazioen Batasunak (UIT) 2015. urtera arte atzeratu du segundo tartekatua edo gehigarria erabiltzen jarraitu edo baztertzeko erabakia. Hain zuzen, ordutegia Lurraren errotazioarekin sinkronizatzeko gaineratzen da segundo hori.
Nazio Batuen Erakundearen mendeko elkarte horretako iturrien arabera, egun hauetan Genevan egiten ari diren Irrati-komunikazioen Batzarrean hartu dute erabaki hori, izan ere, "herrialde batzuen iritzian, oraindik ez dago behin betiko erabakia hartzeko nahikoa elementurik".
Balizko aldaketa horrek garrantzi zientifiko eta historiko handia izango luke, orain arte eguzki-ordutegia –Lurrak bere ardatzaren inguruan duen errotazioan eta Eguzkiaren inguruan duen orbitan oinarritutakoa– erabili baita denbora neurtzeko.
Segundo osagarria
Lurraren errotazioak hainbat aldaketa jasaten ditu bere abiadura jaisteak eta sumendien erupzioen eta lurrikaren ondorioz. Hori dela eta, aldian behin, segundo osagarri bat gehitu behar zaie erloju atomikoei (izugarri zehatzak dira), horietan oinarritzen baita Denbora Unibertsal Koordinatua (UTC).
Segundo osagarria erabiltzen jarraitu edo baztertzea erabaki beharko dute. Baztertzeak (horren alde, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuak ageri dira, eta kontra, Britainia Handia, Kanada eta Txina) denbora estandarizatzea du helburu, esaterako, Kokatze Sistema Orokorrak (GPS) eta Denbora Unibertsal Koordinatuak (TUC) dituzten desfaseak saihesteko.