Gizartea -
Urteurrenak
Gasteizek eta Eusko Legebiltzarrak Florida Parkera bisitak eskainiko dituzte
Parkearen 200. urteurrena eta Euskal Ganberaren 40. urteurrena ospatzeko bisitak uztailaren lehen hamabostaldian egingo dira, goizez eta arratsaldez.
EITB MEDIA
Gasteizko Udalak eta Eusko Legebiltzarrak doako bisita gidatuak eskainiko dituzte dituzte Florida Parkera eta institutuaren eraikin zaharraren kanpoaldera, berdegune horren 200. urteurrena eta Eusko Legebiltzarraren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldien itxiera gisa.
Udalak gogorarazi duenez, 2020a bi urteurren horiek ospatzen ziren urtea zen. Pandemiaren ondorioz, ezinezkoa izan zen aurreikusitako jarduera-programa osorik garatzea, eta, beraz, bi erakundeek bisita gidatu horiekin itxi dute ekintza-zikloa. Bisitek Eusko Legebiltzarraren eraikinaren eta Santo Domingo komentuko arkuaren historian sakonduko dute, baita Florida parkearen, lorategi botanikoaren, eskulturen eta kioskoaren historian ere.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak azpimarratu duenez, parke hau "Arabako hiriburuko harribitxietako bat da", eta bere historiako bi mendeetan era guztietako ospakizunak hartu ditu: jaialdiak, dantzak, musika-ikuskizunak, kirol-lasterketak eta mota guztietako ekitaldiak.
Bestalde, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak azaldu duenez, bisita gidatu hauekin, Ganberak amaitutzat ematen du 40. urteurrenaren harira egindako ospakizunak. "Azkenik pandemiaren amaiera ikusten hasi gara, eta gure bizitzako hainbat alderdi garrantzitsu berreskura ditzakegu, hala nola kultura eta bizitza soziala", azpimarratu du.
Bisitak uztailaren 1etik 15era bitartean izango dira, 11:30 eta 18:00etan. Doakoak izango dira eta aldez aurretik izena eman beharko da Gasteizko Udalaren turismo bulegoan, turismo@vitoria-gasteiz.org helbidean edo 945161598 eta 945161599 telefono zenbakietan.