Gizartea -
Koronabirusa
Zupiriak arduraz jokatzeko eskatu du eta gazteei babesgabe daudela gogorarazi die
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu du proba diagnostikoa egingo dietela azken orduetan Mallorcatik etorritako euskal ikasleei.
Agentziak | EITB Media
Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, arduraz jokatzeko eskatu du, eta txertaketa prozesua osatu ez duten 19 eta 40 urte bitarteko gazteei gogorarazi die "oraindik arriskuan" daudela.
Donostian egindako agerraldian, Zupiria Mallorcako covid-19 agerraldiaz eta bertatik Getxora bueltatu diren ikasleen egoeraz aritu da. Hala, adierazi du Eusko Jaurlaritzak "atzo heldu ziren dozena erdi ikasleren" berri duela, eta datozen orduetan proba diagnostikoa egingo zaiela.
Gainera, Zupiriak azaldu du komunikabideek beste ikasle talde baten etorrera iragarri dutela, baina Jaurlaritzak ez duela horren berririk. "Zeintzuk diren dakigunean, beharrezko prozedurak abiaraziko ditugu", erantsi du bozeramaileak.
Datozen egunei begira, ordezkari politikoak azaldu du posible dela "uda askeago bat" izatea, baina norberaren ardurak baldintzatuko duela.
Azkenik, Zupiriak esan du Jaurlaritza mugatuta dagoela covid-19aren pandemiak izandako gorakadaren aurrean neurriak hartzeko. Izan ere, bozeramailearen ustez, gertatutakoak argi utzi du alarma egoerarik egon ezean, agintariek ezin dutela bestelako neurri publikorik ezartzeko ahalmenik.