Gizartea -
euskera
Erasoak jasan dituzte hainbat lagunek Donibane Lohitzunen euskaraz aritzeagatik
Joan den asteburuko ez-festetan hainbat eraso euskarofobo izan dira; gainera, auto-gidari batek bi pertsona harrapatu ditu, jendez inguratuta, aurrera egin ezin zuela ikusita.
o.p. | eitb media
Pasa den asteburuan Donibane Lohitzunen ospatu ziren ez-festetan, izatez, festa egitaraurik antolatu ez bazen ere, festa giroa nagusi zen kaleetan. Izan zen, halaber, festa giro hori ozpindu zuten gertakariak ere, alkoholaren eta bortizkeriaren eraginez.
Batetik, gizon batek bi emakume harrapatu zituen autoarekin, jendez beteta zegoen kale batean aurrera egin ezinik gelditu zela ikusirik, azeleragailuari sakatu eta ihesari eman zion, biak zaurituta utziz. Handik gutxira Polizia-etxean aurkeztu zuen bere burua eta atxilotua izan zuten gizonezkoa.
Ez zen, ordea, gertakari latz bakarra izan. Euskaraz hitz egiteagatik erasoak jasan zituzten hainbat lagunek. Gizon batek, esaterako, ospitalean pasa behar izan zuen gaua euskara mintzatzeagatik jasotako jipoiaren ondorioz. Lagunekin afaltzen egon ostean, etxera zihoala, lagun batekin euskaraz ari zela-eta, oihuka hasi zitzaizkion beste hiru lagun, "zer dialekto da hori? Frantzian gaude!". Gizonezkoak euskaraz erantzun zienean, jipoitu egin zuten eta orkatila hautsirik utzita, alde egin zuten erasotzaileek.
Ordu bertsuan, elkarrekin euskaraz ari ziren beste emakume talde batek ere "Frantzian gaude!" gisako komentarioak entzun behar izan zituen euskarafobo batzuen partetik.
Ez ziren euskararen bueltan geratutako eraso bakarrak izan. Kaia Ostatua kudeatzen duen Jon Garmendiak ere, oihu eta irainak entzun behar izan zituen "euskaldun putak" eta beste, taberna ixteko garaian Mikel Laboaren doinuak ipini zituenean.
Peio Etcheverry Donibane Lohitzuneko kultur, ondare eta euskararen axuantak (zinegotzia) erasoak gaitzetsi ditu eta ahal den neurrian halako "ekintza onartezinak" saihesteko zaintza gehiago eskatu du.