Gizartea -
Sanferminak
Enrique Maya: "Riau-riau ekitaldia berreskuratu nahi nuke 2022. urtean"
Iruñeko alkateak ohartarazi duenez, ez da San Fermin jaiekin lotutako ekitaldi berezirik izango uztailaren 6an eta 7an.
EITB Media
Uztailaren 6a ate joka badago ere, aurten ere ez dira San Fermin jaiak ospatuko bigarren urtez jarraian. Dena dela, Enrique Maya Iruñeko alkatea 2022. urteari begira jarri da dagoeneko eta heldu den urteko sanferminetarako "ilusio handia" duela onartu du. Hain zuzen ere, hurrengo urtean Riau-riau ekitaldia berreskuratzeko aukera mahai gainean jarri du. Are gehiago, iruindarren % 99,9 horren aldekoak direla adierazi du. Ekitaldia modu baketsu eta lasaian hasieratik amaierara egin ahal izatea nahiko luke: "Hiriaren historian mugarri izago litzatekeela uste dut".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, ez-jaiei begira arduraz jokatzeko deia egin die Mayak herritarrei. Gaurtik 150 laguneko bazkariak egin ahal dira Nafarroan eta "kontrolatzeko zailak" izango direla aitortu du. Ildo horretan, uztailean gertatzen denak geroa baldintzatuko duela ohartarazi du.
Bestalde, ez du baztertzen irailean entzierroak egitea eta horretarako lanean ari direla gehitu du.
Peñak
Iruñeko Peñek elkarretaratze zaratatsua egin zuten atzo udaletxe plazan, beren pankartak "Plazara" zentroan erakusteko jarri dieten debekuagatik.
Mayak azaldu duenez, ez dago pankartak erakusteko debekurik, baina indarrean dagoen araudia errespetatu behar da.
Politika
Navarra Sumarekin koalizioa mantendu ala ez UPNren barruan sortu den eztabaidaz galdetuta, hausnarketa fase "lasaian" murgilduta daudela zehaztu du.
Koalizioa ongi funtzionatzen ari delakoan pozik hitz egin du Mayak.