Gizartea -

Koronabirusa

Dagoeneko 276 dira Mallorcako agerraldiari lotutako positiboak EAEn

Litekeena da agerraldi honetako 99 pertsona (% 37) delta aldaerarekin kutsatu izana.

Baheketa masiboa, Donostian. Argazkia: EFE
Baheketa masiboa, Donostian
Baheketa masiboa, Donostian. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak Mallorcako ikasturte bukaerako bidaiei lotutako 267 covid-19 kasu antzeman ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, Osasun Sailak aditzera eman duenez. Horietako 99 (% 37) delta aldaerarekin kutsatu direneko susmoa du Osakidetzak.

Baheketetan egindako 609 probetatik 118 kutsatze detektatu dira. Besteak, ostera, EAEko covid-19 kasu eta kontaktuen zaintza sareak egindako lanaren bitartez antzeman dituzte.

Mallorcan kasu positiboekin harremanetan egon zitezkeen gazteen etorrera luzatzen ari denez, Osasun Sailak eta Osakidetzak baheketa masiboarekin jarraituko dute. Horrenbestez, Osakidetzak irlatik etorritako 16 eta 19 urte artekoei PCR proba egiteko hitzordua eskatzeko galdegin die.

Osasun Sailak Mallorcatik etorritako pertsonei eskatu die harreman sozialetan zuhurtziaz aritzeko, eta zaintza eta arreta sareko profesionalek emandako jarraibideak betetzeko.

Azkenik, herritar guztiei gogorarazi diete, covid-19arekin bateragarriak diren sintomak badituzte (sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea), etxean isolatzeko eta osasun zentrora deitzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Balearrak Koronabirusa Gazteak Anbulatorioak