Gizartea -

Arabako Mendiak Aske

Mendizale martxa egin dute Entziako zentral eolikoaren aurka

Iturrietako mendietan egin dute aurreneko martxa. "Babestu Maite Duzun Mendia" lelopean, ehun mendizale baino gehiagok hartu dute parte. Aldi berean bi ibilbide bete dituzte.

Entziako parke eolikoaren aurkako mendizale martxa. Argazkia: Arabako Mendiak Aske
Entziako parke eolikoaren aurkako mendizale martxa. Argazkia: Arabako Mendiak Aske
Entziako parke eolikoaren aurkako mendizale martxa. Argazkia: Arabako Mendiak Aske

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Mendiak Aske plataformak antolatuta, Entzian zentral eoliko bat eraikitzearen aurka protesta egiteko lehen mendizale martxa egin dute.

Plataformak agiri batean azaldu duenez, Iturrietako mendietan egin dute aurreneko martxa. Aixeindar enpresak zentral eoliko bat jarri nahi du bertan.

"Babestu Maite Duzun Mendia" lelopean, ehun mendizale baino gehiagok hartu dute parte, "gure ondare naturalaren aisialdirako erabilera espirituala" aldarrikatzeko, plataformak azaldu duenez.

Aldi berean bi ibilbide egin dituzte. Bat Arabako Lautadatik, Egileorretik, abiatu da, eta bigarrena Arabako mendietatik, konkretuki, Santa Teodosia ermitatik. Bi martxetako mendizaleek bat egin dute San Juan mendateko zelaietan.

Natura 2000 sareko eremu batean kokatu nahi dute zentral eolikoa, Entzian, 1000 metrora dagoen ordoki batean; bertan Euskadin hobeto kontserbatzen den mendi zelaia dago, azpimarratu dutenez. "Landare-espezie endemikoak eta beste batzuk mehatxatuak" bertan aurkitzen direla nabarmendu dute.

Era berean, gogorarazi dutenez, Arabako Foru Aldundiak egindako ingurumen azterketen arabera, "zentral eolikoak eraikitzeak bioaniztasunean kostu onartezina ekarriko luke, eta Entziako babesgunea ez luke zentzurik izango". "Iturrietako mendiak Natura 2000 Sarean sartzearekin gauza bera gertatuko litzateke", gaineratu dute.

Azkenik, Iturrietako ordezkariek Arkamokoei 'lekukoa' pasa diete; izan ere, uztailaren 24an beste martxa bat egingo dute bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal mendiak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Energia berriztagarriak Arabako Mendialdeko azken ordukoak Energia ekoizpena gaur