Gizartea -
EGURALDIA
Alerta laranja beroagatik Erriberan eta abisu horia Nafarroa erdialdean
Termometroak 39 ºC-ra igoko dira Erribera hegoaldean, eta 36 ºC Lizarra inguruan. EAEn ere bero egingo du, barnealdean batez ere, baina ez da abisu berezirik igorri.
EITB MEDIA
Zeru garbiak eta hego haizeak tenperaturak nabarmen igotzea ekarriko du, hainbeste, Erriberan alerta laranja ezarri dutela beroagatik, bertan, 39 ºC-raino iritsiko baitira termometroak, aurreikuspenen arabera.
Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri du 14:00etatik 21:00etara, izan ere, termometroak 39 ºC-raino igo daitezke, batez ere Erribera Beherean. Gainera, Foru Erkidegoaren erdialderako abisu horia egongo da indarrean, kasu honetan 36 ºC-ko maximoak espero baitira. Iruñea eta Lizarra inguruetan 36-37 gradura iritsi daiteke tenperatura eta 39ra Tuteran.
EAEn, Euskalmetek ez du aparteko abisurik igorri, baina eguna beroa izango da, batez ere barnealdean eta Araban. Tenperatura maximoak 34 ºC-ra iritsi daitezke Arrasaten (Gipuzkoa), Gasteizen edo Laguardian (Araban). Halere, beroaldiak gutxi iraungo du, izan ere, asteartearekin batera fronte hotz bat sartuko da gure lurraldean eta euria ekarriko du, tenperaturak ere asko jaitsiko dira.