Gizartea -
2009an jazo zen hilketa
'Bizitza hondatu dut' esan zion Poliziari Yasminen ustezko hiltzaileak
Ustez senar ohiak hil zuen labankadaz 2009ko maiatzean, Irunen. Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat eta 50.000 euroko kalte-ordainak.
Erredakzioa
"Hari lepoa moztu diot eta besteari ez dakit zer egin diodan, iskanbila handia zegoen eta. Badakit nire bizitza hondatu dudala, baina berak oso gaizki pasarazi didalako izan da", esan zion Yasminen hiltzaileak Poliziari. Yasminen amaren izenean jardun den akusazio partikularraren abokatuak egin ditu hitz horiek Gipuzkoako Auzitegian gaur hasi den epaiketan. Fiskaltzak akusatuari 50 urteko kartzela-zigorra eta 50.000 euroko kalte-ordaina ezartzea eskatu du 2009. urtean Irunen Yasmin Zamira hiltzeagatik, eta biktimari laguntzera joan zitzaion Pablo Urtizberea hiltzen saiatzeagatik; izan ere, labankadak eman zizkion bizkarrean eta sabelean.
Mehatxuak egitea eta era desegokian gidatzea ere egotzi diote akusatuari. Fiskaltzaz gain, hildakoaren ama-alabak, Irungo Udala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza ari dira epaiketan akusazio lanak egiten.
"Badakit nire bizitza hondatu dudala, baina badakit zer egin dudan, oso gaizki pasarazi didalako. Eta besteari, erdian sartzeagatik egin diot eraso", esan zion akusatuak Poliziari
Defentsak, giza hilketa izan zela esan du, jeloskortasunak jota egin zuela emakumeak beste harreman bat hasi zuela jakin zuenean. Gainera, Urtizbareari ere labankada bat eman ziola onartu du, baina "senezko erreakzioa" izan zela adierazi du. Gainera, Yasminekin zihoan lagunak ere lesioak izan zituela esan du eta delitu hauengatik guztiengatik 10 urteko espetxe-zigorra eskatu du akusatuaren defentsak.
Epaiketak bihar jarraituko du akusatuaren, Urtizberearen eta hildakoaren alabaren deklarazioekin.