Gizartea -

Polizia operazioa

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, haur pornografiarekin lotuta

Guztira, 16 pertsona atxilotu dituzte, horien artean gizon bat Gasteizen, eta 14 ordenagailu eta 59 disko gogor atzeman dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak 16 pertsona atxilotu ditu, horietako bat Gasteizen, haur pornografiaren aurka Espainian egindako hiru operaziotan.

Halaber, beste sei pertsona inputatu dituzte, Poliziaren Zuzendaritza Orokorraren arabera.

Hiru operazioak Rufaza eta Sagunto Valentziako herrietako polizia etxeetan zenbait pertsonak jarritako salaketen ondorioz jarri ziren abian.

Antza denez, pertsona horiek eduki pedofiloetarako estekak atzeman zituzten Interneten. Interneteko delituen aurkako agente bereziek ikerketa bat hasi zuten, orduan, artxibo horiek partekatzen zituzten erabiltzaileak aurkitzeko.

Lehen ikerketek erakutsi dutenez, Interneteko zenbait erabiltzailek "haur pornografia" eskaintzen zieten beste erabiltzaile batzuei.

Ikerketa horiei esker, ustezko pederasten etxeak topatu zituzten, 11 erkidegotan, eta Polizia Nazionalak erregistro koordinatu bat egin zuen. Guztira, 16 pertsona atxilotu dituzte; bat, Arabako hiriburuan; lau, Madrilen; hiru, Valentzian; bi, Huescan; eta, bana Bartzelonan, Lleidan, Balearretan, Cartagenan, Sorian eta Huelvan.

Bestalde, beste sei pertsona inputatu dituzte, Madrilen, Coruñan, Tenerifen, Almerian, Valladoliden eta Sevillan ustez haur pornografia izateagatik eta banatzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea