Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Sestaon bikotekideari eraso egitea leporatuta
Horrez gain, Ertzaintzaren agenteek beste gizonezko bat atxilotu dute Donostian bikotekide ohiarengandik urruntzeko ezarritako agindua urratzea leporatuta.
Erredakzioa
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du goizaldean Sestaon eztabaida baten ostean bikotekideari eraso egitea egotzita.
Herrizaingo Sailetik jakinarazi dutenez, atxiloketa goizeko bostak aldera jazo da, Ertzaintzaren agenteak Alberto Arrue kaleko etxebizitza batera bertaratu dira, istilu baten berri jaso eta gero.
Etxebizitzan, aurpegia odolduta zuen emakume bat topatu dute, hark bikotekideak jo duela erantzun die agenteei. Ustezko erasotzailea, 41 urteko gizona, portalean atxilotu du Ertzaintzak.
Biktima San Eloy Ospitalera eraman dute, eta ondoren salaketa ipintzen lagundu diete agenteek.
Bestalde, Ertzaintzaren agenteek beste gizonezko bat atxilotu zuten atzo Donostian, bikotekide ohiarengandik urruntzeko ezarritako agindua urratu zuelakoan.
Gertakaria goizeko 11:30 aldera jazo zen, genero indarkeriaren biktima baten zaintza babesten ari ziren agenteek 42 urteko gizona atxilotu zuten, ustez, gizona, bikotekide ohiaren portalera gerturatu zelako eta urruntze agindua urratu izana egotzi diote.