Gizartea -

EAE

Hezkuntza Sailak azarora aurreratu du beken ebazpena

Deialdian, 60 milioi euro izango dira. Aurrerapenaren helburua da familiek ahalik eta lasterren izatea eskuragarri dirulaguntzak.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, artxiboko irudian
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du maila ez unibertsitarioetarako beken deialdia 2021-2022 ikasturterako; 60 milioi euro izango dituzte bekek, eta ebazpen-epea azarora aurreratu dute, familiek ahalik eta lasterren izatea eskuragarri dirulaguntzak.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gobernu-bilera amaituta izandako prentsaurrekoan eman du aginduaren berri; azaldu duenez, Sailak, bigarren urtez jarraian, % 5eko kenkaria edo koefiziente zuzentzailea sartu du, aurkeztutako errentan. Pandemiaren kaltea pairatu duten familiek % 5eko koefiziente hori izango dute aurkeztutako errentan, kalte hori erakutsita, beka izan ahal izateko.

Dirulaguntza hauetako bat jaso ahal izateko, hainbat atalase daude, errentaren arabera, eta horiek zehaztuko dute bekarik izango den ala ez. Aurkeztu beharreko errenta-aitorpena aurreko urtekoa da; beraz, baliteke familia batzuek aurten ez izatea bekarako eskubidea, aitorpen hori kontuan izanik, baina agian egun lan aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean egotea, covidak eragindako krisiaren ondorioz.

Ildo horretan, eskatzaileek justifikatu beharko dute espedientean izan direla, edo jarduera itxi behar izan dutela, alarma-egoeran, autonomoak izanez gero, eta horregatik diru-sarreretan murrizketak izan dituztela.

Deialdi honetan, ondorengo ikasleak daude deituta: Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzakoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak, eta musikako eta dantzako oinarrizko hezkuntzetakoak.

Ondorengo arloetan eskatu ahal dira bekak: kuota, eskola-materiala eta jatetxea.

DBHren osteko irakaskuntza ez unibertsitarioak

Bestalde, halaber, DBHren osteko irakaskuntza ez unibertsitarioetako ikasleen eskolatzerako bekak eta ikasketarako laguntzak ere deitu dituzte.

Bildarratzek bermatu duenez, baldintzak betetzen dituzten familia guztiek jasoko dute laguntza ekonomikoa. Horretarako, 60 milioi horiek (aurreko ikasturtean kopuru hori bera ere izan zen) baliteke handitzea, beharrezkoa balitz.

2020ko ekainean amaitutako ikasturtean, 116.000 ikaslek jaso zituzten bekak; 178 000 laguntza eman zituzten.

Iaz ere beka eskatu zuten ikasleek beteta jasoko dute inprimakia. Gainera, eskabideak agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko den egunaren biharamunean egin ahalko dira, 2021eko irailaren 30era arte.

Sailaren helburua da azaroaren hasieran ebaztea eskabideak, eta familiek ahalik eta lasterren jasotzea laguntza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak