Gizartea -
Osakidetza
"E-rezeta" Osakidetzaren errezeta elektronikoa Europan erabili ahalko da 2022an, proiektu pilotu batean
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak Euskadi hautatu du, beste bi autonomia-erkidegorekin batera, errezeta elkar eragingarri europarraren proiektua pilotatzeko.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
"E-rezeta" Osakidetzaren errezeta elektronikoa Europan ere erabili ahalko da 2022an; izan ere, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak Euskadi hautatu du, beste bi autonomia-erkidegorekin batera, errezeta elkar eragingarri europarraren proiektua pilotatzeko.
Egitasmoaren helburua da Europar Batasuneko herritarrek EBko edozein herrialdetako edozein farmaziatan eskuratu ahal izatea euren medikazioa; horretarako, bizi diren herrialdetik errezeta elektronikoaren Internet bidezko transferentzia egiten dute, Joan diren herrialdera, Osakidetzak jakitera eman duenez.
Lehen fasean, 2022an, elkar eragingarritasuna aukeratutako herrialdeen artean gauzatuko da; pilotatzeaz arduratuko diren herrialdeak dira: Portugal, Finlandia, Polonia, Suedia eta Estonia. 2025erako, aurreikuspena da Osakidetzaren txartel elektronikoa Europar Batasuneko edozein herrialdetan baliatu ahal izatea.
Pilotatze-fase honetan, Europako Batzordeak aztertuko du Euskadiren eredua, Europa mailako plataformaren barnean sar dadin.
Euskadin, 2018ko urtarrilean ezarri zuten txartel elektronikoaren elkar eragingarritasuna; autonomia-erkidegoen arteko eragingarritasunari esker, aukera dago espainiar Estatuko edozein farmazia-bulegotan medikazioa eskuratzea, Osasun Txartel Indibiduala aurkeztuta. Guztira, 317.843 euskal herritarrek eskuratu dute medikazioa beste autonomia-erkidego batzuetako farmazietan.