Gizartea -

Berdintasuna aldarri

Hondarribiko Alardearen 22. konpainia izateko proposamena egin du Jaizkibel Konpainiak

Alardeak "orain duen formatuan" parte hartzeko prest dago konpainia parekidea, "auziari konponbidea emateko" helburuarekin. Jaizkibel Konpainiak 25 urtez aldarrikatu du desfile "bakar, parekide eta publikoa".

Hondarribiko alardearen 22. konpainia izatea proposatu du Jaizkibel Konpainia. Argazkia: Jaizkibel
Hondarribiko alardearen 22. konpainia izatea proposatu du Jaizkibel Konpainia. Argazkia: Jaizkibel
Hondarribiko alardearen 22. konpainia izatea proposatu du Jaizkibel Konpainia. Argazkia: Jaizkibel

A. O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hondarribiko Alardearen 22. konpainia izatea proposatu du Jaizkibel Konpainiak, "auziari konponbidea emateko" helburuarekin. Konpainia parekideak ostegun honetan Hondarribian (Gipuzkoa) egindako agerraldian azaldu duenez, "Jaizkibelek 25 urtez aldarrikatu du desfile bakar, parekide eta publikoa, eta beste horrenbeste urtez aldarrikatuko dugu hori, hala behar balitz".

Kazetarien aurrean gogora ekarri dutenez, "1996ko irailaren 8an emakume talde bat Hondarribiko Alardean desfilatzen saiatu zen, parekidetasunaren bidean lehen urrats garrantzitsua emanez". Alabaina, erabaki horrek izan zuen "erantzunaren bortizkeriaren ondorioz, hurrengo urtean, Joana Mugarrietakoa elkartean biltzen ziren aitzindari haiek Jaizkibel Konpainia sortu zuten, horrek auziaren konponbidea erraztuko zuelakoan".

Ordudanik, urrats ugari eman dituzte berdintasunerantz begira. Testuinguru horretan, konponbidea aurkitzeko "ezinbestekoak diren elkarrizketak" antolatzen ahalegindu dira tokiko erakundeak, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Hondarribiko Udala, "arrakastarik gabe, oraingoz".

"Hala, mende laurdena betetzen den une honetan, eta jakinda zenbat oztopo topatzen ditugun elkarrizketaren alde gaudenok, Jaizkibel Konpainiak hirugarren pausoa eman nahi du: Hondarribiko Alardeak orain duen formatuan parte hartzeko prest gaude", adierazi dute gaur konpainia parekide horretako ordezkariek.

Proposamen hori, Alardearen auziari "konponbidea bilatzeko" orain arte egin dituzte gainerako beste planteamenduei batzen zaie. Ildo horretatik, "irtenbide adostu bat" babesteko eskatu diote Udalari; izan ere, "Emakundek plazaratu berri duen ikerketaren arabera, erakundeen eta, beraz, alderdi politikoen babesik gabe, zaila baita konponbidea. Hori irakatsi digute festen parekotasunean aurrerapausoak eman dituzten herriek".

Jaizkibelek jakin badaki aurten ez dela Alarderik izango, eta, iaz egin bezala, hurrengo Alarderako gelditzen den denbora "elkarrizketak bultzatzen" ahaleginduko da. Bitartean, aurten antolatu daitezkeen "ekimen guztietan parte hartzeko prest" agertu da konpainia parekidea.

"Herri bat, Alarde bat, festak guztiok batera ospatu ditzagun, festek hondarribiarron batasuna sendotzeko balio behar dutelako, ez zatiketarako", gaineratu du Jaizkibelek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Emakunde bideoak Hondarribia Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Matxismoa gaur Feminismoa gaur Hondarribiko alardea