Gizartea -
Osasuna
EAEk eta Nafarroak elkarren gaixoak artatzen jarraitzea adostu dute
Rafael Bengoa sailburuak eta Marta Vera kontseilariak bi erkidegoen arteko ustezko gatazka ukatu dute. Errioxarekiko arazoa behin betiko konpontzeke dago oraindik.
Erredakzioa
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak elkarren gaixoak artatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute asteazken honetan. Era berean, arazoak sortzekotan Estatu mailako akordio baten alde egin dute bi ordezkariek.
Nafarroa iparraldeko Bortziriak inguruan osasun arreta dela-eta izan diren kexak aztertzeko elkartu dira bi ordezkariak (Osakidetzak hainbat gaixo Iruñera bideratu izanagatik sortu dira kexa horiek). Bileraren ondoren, Bengoak eta Verak ukatu egin dute herrialdeen artean inongo arazorik dagoenik, eta laster konpontzeko helburua duten arazo zehatzak direla gaineratu dute.
Errioxarekin gatazka, konpontzeke
Bengoak gogoan izan du Errioxako Gobernuarekin oraindik konpontzeke dagoen gatazka (otsailaren 29an bukatuko da epea). Ordurako lurraldeen arteko kontseiluan irtenbide bat lortu izana espero du sailburuak.